ROUGE ELEAk 20 URTE

«Arnas moteleko konpainia bat gara, errealitatea sakon ikertu eta liseritu ondotik taularatzen ditugu ikusgarriak»

Koldo Nausia 2023ko aza. 29a, 13:59

Rouge Elea zirku konpainiak 20 urte bete ditu aurten. Eta horren ospatzeko besta antolatu dute Borderline Fabrikan larunbatean 16:30etatik aurrera. Konpainiako Ander Fernandez artista izan dugu Goizeko Kafean gonbidatu bi hamarkadaotako ibilbideaz mintzo. Ikerketa antropologiko eta zientifikoa egin ohi dute euren ikusgarrien sormen artistikoarekin hasteko oinarri gisa.

2003an Corine Cella-k sortu zuen konpainia, eta zirku formakuntza duen dantzaria izanik, urte gutxi batzuk berantago Ander Fernandez batu zitzaion proiektura. Honek aitortu digunez, “arnas motel baina sakoneko” konpainia bat izan da dituen lan moldeengatik. Izan ere, ikusgarri bakoitzaren plateamenduan, landu nahi duten gaiari buruzko adituekin, eta tokian-tokiko herritar zein eragileekin lanketa bat egiten dute. “Ikerketa antropologiko moduko bat egiten dugu, gaiaren mamian sakondu eta gero hori liseritzeko prozesua egiten dugu”, argitzen du Rouge Eleako eramaileak.

Hori dela eta, Calao aurreneko ikuskizuna sortu zutenetik, 20 urteotan 8 ikusgarri baizik ez dituzte sortu. Haien artean,  à la poursuite du vent (emakumeen ikuspegitik emandako abenturari buruzkoa), Biutz (2012an mugen inguruan hausnartzen duen bideo, zirku-dantza eta musika sorkuntza) edota 2014an Ronde-Bi ahizpa (anaitasunari buruzkoa), besteak beste.

Une honetan, aldiz, zuhaitzak eta naturaren sustraiak oinarri dituen obra artistikoa lantzen ari dira. Saxifraga izeneko porlanean hazitzen diren loretxoak ditu hizpide, eta "gizakiaren irauteko gaitasunari buruz zer paralelismo egin daitezkeen" aztertu nahian ari dira Saint Ettieneko biologoekin batera. Hendaiako adituekin ere ariko dira aurki. Izan ere, “giza-semearen sustrai eta adarrak, hala nola hegoak non kokatzen diren, zein azal duten ulertzen” saiatzen da konpainia bere lanen bidez. Eta horretarako eskura dituen tresna guztiak ikertu eta lantzen ditu.

Zentzu horretan ere, bere sorreratik zer motako konpainia den zehazten ez dute asmatu. “Zirku konpainia bat gara berez, baina dantzatik eta antzerkitik ere badu, gizarte honetan gauzak beti klasifikatu beharretan gaude, baina konpainia hibridoa dela esango nuke”, aitortu digu Ander Fernandez artistak. Izan ere, euren ikusgarri eta performancetan gorputza, hitza, musika, eta batez ere begirada baliatzen dutela esan digu.

20 urteko besta

Hain justu, Rouge Elea konpainiaren performance batekin abiatuko dute larunbatean, Borderlina Fabrikan antolatu dute gaualdia. 16:30tan aurkezpena egin ondoan, Ez gaude hemen ikusgarria proposatuko dute Ander Fernandez eta Corine Cellak berak. Eta ondoren, euren ibilbidean topatu dituzten artista eta bidelagunei haien ekarpenak egiteko aukera eman nahi izan diete. Haien artean Kukai dantza taldeko Eneko Gil, edota Paxkal Irigoyen, Maitane Azpiroz, Amaia Elizaran, Patrice Teysseyre, Julie Peters… artistek parte hartuko dute euren proposamen artistikoak eginez. Kabaret moduko gaualdia izango dela iragarri dute, anitza.

Bestalde, txipiroi tinta serigrafía atelierra egonen da ere, Idoia Beratarbideren eskutik. Bukatzeko DJ saio batzuekin besta eginen dute.

OHARRA: Erreportaia hau ekoizteko erabilitako musikak Ander Fernandez berak sortutako obrak dira. Denak hemen entzungai dituzute copyleft.

▶︎ Origines | Des vents et marées | Ander Fernandez (bandcamp.com)