Abenduaren 24an Olentzerori kantatuko diote Hendaiako elkarteek

Aitor Errazkin 2023ko abe. 21a, 13:11

Akelarre elkarteak sustaturik, 47. aldiz elkartuko dira Hendaiako plazan gabon giroan. Lehenago, etxez-etxean ariko dira talde batzuk, kabalkadan berriz Akelarrekoak.

Hendaian, abenduaren 24 eguerdi-atsaldean eguberri giroa nagusituko da, hainbat elkarte kantuan ariko baitira Akelarre elkartearen deialdi ezagunean.

47. Aldia izanen da aurtengoa, eta 16:30ean Krakada eskainiko du Akelarrek bere egoitzan, ondotik kabalkadan abiatzeko herrian barrena. Gabon kantak kantatzeko hitzordua berriz, 19:00tan Herriko Etxe aitzinean emana da.

Asun Mikelarena Akelarre elkarteko kideak azaldu du duela 47 urte gabonak ospatzeko erlijio kantuak alde batera utzi eta Olentzerori kantatzen hasi zirela, eta hala jarraitzen dutela egun. Izan ere, denek batera "Bidasoako Olentzero" eta "Hator hator" kantuak abestuko dituzte igandean, eta ondotik talde bakoitzak bere gustuko edo bere uztako kantu bana abestuko du. Aurtengoan, Palestinaren aldeko kantu ugari izanen direla entzuna da Hendaian.