Robert "Popol" Arranbideren hileta abenduaren 28an izanen da

Aimar Lopez 2023ko abe. 27a, 11:21

Sortu alderdiak Popol Arranbideren omenez egindako afixa

Abenduaren 21ean zendu zen Popol, 81 urterekin. Hendaiako elkartegintzaren zutabe izan zen, baita hautetsi ere urte luzez.

81 urterekin eta gaixotasun baten ondotik zendu zen abenduaren 21 goizean Popol Arranbide hendaiarra. Militante ezkertiar eta abertzalea, Biharko Hendaia zerrendaren izenean hautetsia urte luzez, Hendaiako elkartegintzaren zutabe nabarmena, eta Antxeta Irratiko laguntzailea izan zen. 2004an atxilotu eta bi urte eta erdiz preso izan zen. Elkartegintzan izan zuen inplikazioari dagokionez, Txoko elkartean zuen parte hartzea aipa genezake. Etxerik ez dutenak laguntzen dituen elkarte Hendaiarreko kide nabarmena izan zen.

Gure mikrofonoetan askotan mintzatu zen Arranbide. 2010eko irailaren 14an Antxeta Irratian elkarrizketatu genuen, uda bukaturik eta negu plana hurbiltzen ari zela, Txokok, garaian Hendaiako Merkatu zaharretik eta Kaserna zaharretik herritar prekarioenei ematen zien laguntzaz mintzatu zitzaigun. Haien gaitasun mugatuez aritu zen Aitor Errazkinekin, eta instituzioei baliabide eta ekimen gehiago eskatu zizkien, karrikan bizi diren herritarrei aterabideak ematen laguntzeko.

Popol Arranbide, 2010eko irailaren 14an Antxeta Irratian

Asteartetik landa Hendaiako beilatokian; hileta, ortzegunean

Engaiamenduak eta elkartasunak ardaztu zuten Popol Arranbideren bizia. Abenduaren 21 goizean zendu zen, 81 urterekin. Hendaiako beilategian egonen da asteartetik goiti. Hileta heldu den ostegunean, abenduaren 28an, Hendaiako Bixintxo elizan iraganen da, 14:30ean. Ondotik, omenaldi gisa, azken agurra emanen diote Popoli.