Joan den aste bukaeran, Hendaiako Eglantins futbol taldeak bere entrenatzaileetako bat kanporatu zuela jakinarazi zien bazkideei, "bere jarduerarekin bateraezina" den zigor judizial bat izan zuelako. Antxeta Irratiak jakin duenez, 2022ko urtarrilean Frantziako Vendée eskualdean ari zen entrenatzaile lanetan, eta bere etxean 11 urteko haur bati zakila ferekatu zion, haurrak geldiarazi zuen arte. Hiru hilabetera kontatu zion haurrak amari erasoa, eta honek salaketa jarri zuen.
Haatik, kondenarik ez zuenez, 21 urteko gizona Hendaiara etorri zen bizitzera, eta Hendaiako Herriko Etxeak kontratatu zuen. 2022ko urritik aritu da lanean Hendaian, bai futbol klubarentzat, baita Herriko Etxearentzat ere.
2022ko iraila amaieran Frantziako Futbol Federazioaren Pirinio Atlantikoetako adarrak iragarri zuenez, departamenduko bertze lau gazterekin batera Futboleko Monitore Brebeta pasatzen ari zen, aprendizgoan. Titulu horrek, bertzeak bertze, 8 urtetik beherako haurrekin lanean aritzeko aukera ematen du, eta UEFAren B lizentzia bat da. Eglantins taldean 15 urtetik beherako jokalarien ardura zuen ikasturte honetan.
2023ko abenduaren 11n, La Roche Sur Yoneko epaitegiak zortzi hilabeteko espetxe zigorrera, 3.800€ko isunera zigortu zuen, baita adin txikikoekin lan egiteko debekua inposatu ere, Le Journal du Pays Yonnais tokiko kazetak jakinarazi zuenez. Iturri berak gizonak erasoa onartu zuela zehazten du, baina haurrekiko erakarpenik ez duela eta "pedofiloa ez dela" aldarrikatu duela informatzen du.
Eglantins taldeak eta Hendaiako Herriko Etxeak joan den aste bukaeran izan zuten zigorraren berri, eta langilea kanporatu zuten, hark ere dimisioa aurkeztu zuelarik garai berean. Kotte Ezenarro auzapezak Aisialdi Guneko gurasoei igorritako gutun batean adierazi duenez, urtarrilaren 4tik ez da haurrekin lanean ari. Astearte goizean Antxeta Irratiari ziurtatu dio eguberriko oporrak direla medio abenduaren 11n zigortua izan zenetik gizonak ez duela harremanik izan Hendaiako adin txikikoekin. Modu berean, Hendaian erasorik egin ez izana hurbiletik ikertuko dutela baieztatu digu Ezenarrok.
Hendaiako adin txikikoei laguntza
Herriko Etxea zein Eglantins taldea kirol munduan erasotuak izan diren haurrak laguntzen dituen "Colosse aux pieds d'Argile" elkartearekin harremanetan dira. Hala, heldu diren egunetan bertan, zigortutako gizonarekin harremana izan duten adin txikikoek laguntza psikologikoa eta hausnarketa eremu seguruak izanen dituztela azaldu dute bi erakundeek.