Ihauteri kolorez jantziko da Hendaia larunbatean

Aitor Errazkin 2024ko ots. 13a, 15:52

Otsailaren 17an ernatuko du negua Hendaiak, urtero legez, elkarteen parte hartzearekin · Gaztelu areto inguruan izanen da ospakizuna

Irun eta Hondarribian joan den asteburuan izan ondotik, asteburu honetan Hendaiak hartuko du ihauteria. Errepublika plazatik Gaztelu Areto ingurura mugitu da aurten ihauteria ere, erdiguneko lanak direla eta. Leku aldaketak ez du baina ospakizuna trabatuko, larunbatean atsaldeko 14:30ean hasiko baitira haurrentzako animazioak, 16:30etik landa ohiko elkarteak desfilean hasi aitzin, leku berean 18:00tan Zanpantzarren auziarekin bukatzeko.

Zanpantzarren auziaren ondotik, Matraka elektrotxarangarekin eta DJ Anttonekin animazioa izanen da Gaztelu Aretoan. Arratsalde osoan zehar, Gure Ikastolaren eta Lanetik Eginaren eskutik jan-edanak izanen dira bertan.

Inko Manterola Akelarre elkarteko kidearekin izan gara ihauteriez mintzoan.

Biriatu eta Urruñan ere, heldu diren asteburuetan

Biriatun, hilaren 24an izanen da ihauteria etxez etxekoarekin, eta Urruñan ere joan den larunbatean etxez etxekoa eginik bigarren eguna otsailaren 24an izanen da, Zanpantzarren auziarekin eta Gazte asanbladak antolaturiko gaualdiarekin.