“Pablo Gonzalezen Auzia” izeneko hitzaldi gisa aurkeztu dute, baina Pablo Gonzalezek eta bere senideek bizi duten egoera ezagutzeko solasaldi irekia eta hurbila izateko xedea du. Oihana Goiriena bere bikotekideak azaldu digunez, bigarren bisitan hiru semeetatik zaharrenak aita ikusi ahal izan zuen, baina bi txikienek ezin izan dute aitarekin hitz egin ere bi urteotan. Izan ere, Pablo inkomunikaturik dago, eta aipatu digunez, «gorabehera handiak izan ditu, depresio arazoak, babesgabe sentitzen delako», eta behin-behineko espetxeratzea bi urtez luzatu bada ere «oraindik ere epaiketarako datarik ez dagoelako». Izan ere, Europar Batasunean behin-behineko espetxealdiek bi urteko muga dute, baina Polonian ez da hori errespetatzen eta nahi adina luzatu dezakete «ulertezina da, eta perspektiba falta hori oso zaila eramaten», aitortzen du. Ezjakintasun horren baitan, abokatuen lanarekin itxaropena duela azpimarratu du Goirienak. «Epaiketa justu bat eskatzen dugu, baina ez dugu horren bermerik, baina bitartean gutxienez baldintzapeko askatasunean uztea, edo bitartean bisitak ahalbidetzea», dio Pablo Gonzalezen bikotekideak. Eta ahal dela Euskal Herrian edo espainiar estatuko kartzela batean.
Halere, Pablo Espainiako Gobernuaren partetik abandonaturik sentitzen dela baieztatzen du. «Lagundu baino, kalte egin digute, ministroaren adierazpenekin delitu larria leporatzen zaiola eta frogak daudela esanez, bere egoera isilarazi egin dute», kexu da. Komunikabide handietan ere, berdin gertatzen ari dela salatzen du, Errusiak Ukraina okupatu zuenean La Sextako kazetari lanetan ari zela atxilotu bazuten ere. Gogoan hartu behar da espioi lanetan aritzea egotzi diola Poloniak. Halere, bere abokatuek ere Pabloren defentsa antolatzeko zailtasunak dituztela dio Oihanak, «Akusazioaren txosten osoa ere ez diete ematen kasua ondo aztertzeko», argitu du.
Horregatik, eta bi urte ondotik, hasiera batean oihartzun handia izan zuen #Free_Pablo aldarriari eusteko lanetan, Hendaiako Baleak elkarteak antolatutako hitzaldiak bezalakoak garrantzitsuak direla azpimarratu du, Pablo Gonzalez euskal kazetariaren egoerari buruzko arreta bizi mantentzeko.