Keziah Jones eta Amparanoia ekarriko dituzte Hendaiara udan MusiKolore festibalaren estreinekoan

Antxeta Irratia 2024ko api. 10a, 12:16

Uztailaren 3tik 5era Keziah Jones eta Amparanoia kartelburu izanen ditu, Hendaiako Gitarralde Festibalaren lekukoa hartuko duen MUSIKOLORE jaialdi berriak. Herrian elkarbizi diren 35 herritartasun desberdinetako hendaiarren kultur-aniztasuna islatu nahi du munduko musika eta ahots mestizaiaren festibal berriak. 

Hendaiako herriko etxeak “Musikolore” udako musika hitzordu berria aurkeztu du. Orain artean ospatzen zen Gitarralde Festibala ez da gehiago antolatuko. Eta uztailaren 3tik 5era kultur-aniztasuna oinarri izango duen jaialdi berriak hartuko du haren lekukoa. Munduko musiken festibal eklektikoa izango da udako kultura sasoiari abiada emateko.  Mestizajea, afro-jazza, blues-a eta soinu exotikoak bilduko ditu lehen edizio honetan.

Michelle Mounios Adurriaga kultura auzapezordeak gogoratu du herriko lehen mailako eskoletan 35 herrialde desberdinetako haurrak errezibitzen dituztela, eta beraz, «festibalak herriko eguneroko bizitza sustatzen duten aberastasuna eta aniztasuna islatzen ditu»

Musikolorek Hendaiako kulturgune desberdinak izango ditu eszenatoki. Uztailaren 3an Mediatekan, 5 urtez goitiko haurrendako perkusio tresnen atelier bat egingo dute, eta ondoren kontzertua. Eta arratsaldez musikari buruzko film proiekzioak ere Varietes zinemagelan. 15:00tan “Yuku et la fleur de l’Himalaya” 3 urtez gorakoentzat marrazki bizidunak. 16:30ean 60-70. Hamarkadetako latinoamerikar jazz eta bossa nova oinarri duen “They Shot the Piano Player” filma. Eta bururatzeko, 19:30an “Cesaria Evora, la diva aux pieds nus” dokumentala. Horren ondotik, OIHU talde hendaiarrak Cesaria Evoraren errepertorioarekin kontzertua emango du.

Aldiz, kontzertuen kartel nagusia uztailaren 4an eta 5ean bilduko dute, oihartzun handiko musikariekin. Kontzertuak Gaztelu aretoan izanen dira, eta besteak beste, Ghanako Ah Kwantou. Kyekyeku abeslaria, iparraldeko Mairu elektro-folk taldea, eta bi protagonista nagusiak Keziah Jones abeslari, gitarra-jotzaile eta konpositore nigeriarra (uztailak 4 22:30etan) eta Amparanoia taldeko Amparo Sanchez “mestizaiaren erregina” (uztailak 5 22:30etan) izango dira. Bi eguneko abonamendua 40 eurotan bada ere, Kezieh Jones nigeriarraren kontzerturako 25 eurotan, eta Amparanoia 20 eurotan salgai daude dagoeneko. Ikasle eta langabetundako prezio murriztuak izango dira.