Iparraldeko dantzari eguna

Euskal dantzarien arteko harremanak estutu eta dantzan jarri ditu Hendaiak

Koldo Nausia 2024ko api. 15a, 11:52

Ipar Euskal Herri osotik iritsitako 300 euskal dantzaritik gora bildu ziren Hendaian larunbatean. Euskal dantza hauspotzeko arrapostua egin du Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak, eta Akelarre elkartearen 50. urtemuga probestu dute, Lapurdiko herri honetan Iparraldeko dantzariak elkar ezagutu eta egun osoko besta ospatzeko. 

Aro ederra lagun, 17 euskal dantza talde bildu ziren Hendaian larunbatean, Iparraldeko Dantzari Eguna ospatzeko. Hendaiako Akelarre elkartearen 50. urtemugaren testuinguruan, Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak euskal dantza hauspotu nahian dabil. Eta egun osoko egitaraua antolatu dute, euskal dantza aitzakia hartuta Ipar Euskal Herriko txoko guzietarik iritsitako dantza taldeen arteko elkar ezagutzeko parada emanez.

300ndik gora dantzari bildu ziren, goizean Hiribarneko Gaztelu, Kaneta portu eta Zubiartean plazetan dantzaz motorrak berotzeko. Eta 11:30etan Beltzeniako Daniel Ugarte pilotalekuan ikusgarri nagusia egin ondotik, bazkari batekin senidetzeko. Arratsaldean datza desafioak egin zituzten, eta Holako Deluxe taldearen dantzaldi bat eginez borobildu zuten eguna.

Gazte anitz ikusi ahal izan ziren dantzan, norbere lurraldeko doinu eta jauzien adierazle. Eta beraz, Iparraldean ere euskal dantzak etorkizunik baduela erakutsi zuten harrotasunez. Baina haien arteko harremanak estutzeko beharra ere aitortu digute. Izan ere, euskal dantza talde gehienek, elkarren ondoko herri edo eskualdeetakoekin harremana baizik ez du gaur egun. Eta halako egunek “aukera bikaina” suposatzen dute ezagutza horren egiteko.

Larunbatean Xiberotik Eskiula, Ligi eta Altzaiko dantza taldeak, Baxe Nafarroako Bithindarrak eta Gabadiko Iruski, eta gainerakoak lapurtarrak bildu ziren: Hendaiako Akelarre antolatzaileaz gain, Uztaritzetik Izartxo, Lekornetik Urtsuko Xoriak, Zuraidetik Alaiki dantza taldea, Arbona eta Ahetzetik Primadera, Oinak Arin Beskoitzetik, Kanboko Jeikadi, Hendaiako Luixa taldea, Hazparneko Elgar Oinka, Angeluarrak, Donibane Lohitzuneko Begiraleak. Horietaz gain, Donostiako Goizaldi dantza taldeak gipuzkoar dantzak taularatu zituen ekitaldi nagusiaren bukaeran. Akelarre elkarteak gonbidatu du iaz 75 urte bete dituen dantza talde donostiarra. 

Azken honek du lekukoa hartuko, maiatzaren 8an Donibane Lohitzunen ospatuko den Dantzari Ttiki antolatzen hasi baita dagoeneko.