Hernandorena bertso sariketaren bigarren kanporaketa Hendaian ospatuko da

Antxeta Irratia 2024ko api. 15a, 08:04

Eskolarteko txapelketatik plazara jauzia emateko aukera eskaintzen duen Hernandorena Sariketaren bigarren final-erdia Hendaiako Baleak elkartean jokatuko da, apirilaren 27an. Irantzu Idoate, June Diaz, Maddi Aiestaran, Ibai Lekuona, Jon Mendiluze eta Izaro Bilbao ariko dira bertsotan. 

Bi urtez behin antolatzen duten Hernandorena bertso sariketa Hendaian izango du bi kanporaketetako bat. 16 eta 22 urte arteko Euskal Herri osoko 12 bertsolarik hartuko dute parte aurtengo edizioan. Eta apirilaren 20ean Irisarriko Gure Doia ostatuko saioaren ondotik, bigarren kanporaketa Hendiako Baleak elkarteak jokatuko da 19:00etan. Finala, aldiz, maiatzaren 11n, Herri Urrats egunaren bezperan izango da, Senpereko Larraldean.

Aurreko edizioa Ekhiñe Zapiain beratarrak eskuratu zuen txapela 2022ko maiatzean. Haren atzetik sailkatu ziren, hurrenez-hurren Irati Alcantarilla (Urruña), Haira Aizpurua, Unai Anda, Julene Iturbe eta Josu Txoperena (Hendaia-Lesaka) bertsolariak. 

Plazako ibilbidera jauzia

Sariketa honek aukera paregabea eskaintzen die bertsolari gazteei, eskolarteko txapelketetan aritzetik, plazara jauzi emateko. Lurraldekako bertso txapelketa handien lehiakortasunetik kanpo, lagunarteko norgehiagoka gisa planteatzen dute, gazteen artean, eta pareko lehiakideekin.

Hain justu, Teodoro Hernandorenaren omenez izendatu zuten sariketa hau. Sortzez zizurkildarra Donibane Lohitzunera joan zen 1936ko gerlaren ondotik. Bidasoaz bestaldean ziharduen gisan, Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeetan ere kulturgintzaren eremuan segitu zuen lanean, eta saiakera handia egin zuen bertsolaritzaren sustapenean. Bera izan zen, besteak beste, Mattin Treku eta Fernando Aire Xalbador bertsulariak Euskal Herriko plazetara atera zituena. Eta antolatzaileek gogoratzen dutenez, haren omenez, Euskal Herri guziko bertsulari gazteak gonbidatuz antolatzen duten sariketari Hernandorena izena eman diote.

Hendaiako apirilaren 27ko saioan, Irantzu Idoate, June Diaz, Maddi Aiestaran, Ibai Lekuona, Jon Mendiluze eta Izaro Bilbao ariko dira bertsotan.