Kortsario Txikiaren behatokia, Kaneta portuaren historiaren lekuko

Antxeta Irratia 2024ko api. 19a, 13:51

Hendaiako Portu Zaharreko begiralekua berdegune eta irisgarritasun irizpide berrietara eguneratu du herriko etxeak. Eta Joanes Zuhigaraitxipi hendaiar kortsarioaren figura berreskuratzeko baliatu dute obra, Hendaiako leku enblematiko honek bere historiaren dizdira berreskura dezan.

Joanes Zuhigaraitxipi hendaiar kortsarioaren omenezko plaza atondu dute Kaneta portuko begiralekuan. Txingudiko Badiara begira, Hondarribiko bista ederrak eskaintzen dituen Hendaiako leku enblematiko hori historiari hertsiki lotuta dago. Eta portu zaharrean denek gozatzeko eremu irisgarria bilakatzeko 279.318 euroko inbestizamendua egin du herriko etxeak, frantses estatuko eta Euskal Hirigune Elkargoko laguntzarekin.

Sei hilabeteko lanak eman ditu gunea egokitzeak. Landareen presentzia areagotu nahi izan dutela azpimarratu du udalak. Eta Larrungo harrobietako harriz hornitutako plazan, 70 metro koadroko berdegune berria landatu dute, lehendik zeuden zuhaitz zaharrak atxikiz, eta Errepublika plazako bi ezki gazte bertara lekuz aldatu egin dituzte. Era berean, bista ederrak gozatzeko gune berria izanagatik ere, 9 esertzeko banku instalatu dituzte.

Hendaiako historia eta itsas-ondarea

Baina eremu horren historiari eta hendaiar izaerari keinu bat egin nahi izan diote. Horrela, 1643an sortutako hendaiar jatorriko Joanes Zuhigaraitxipi  euskal kortsarioa “Kortsario Txikia”ren omenez izendatu dute plaza edo behatoki berritua. Zuhigaraitxipi kortsario gisa Ozeano Atlantikoan eginiko balentriengatik eta erabiltzen zituen taktika ausartengatik egin zen ospetsu, eta espainiar ontzien aurkako erasoengatik. 1694an Ternuan zendu zen, ingelesen arrantza instalazioak erasotzeko Spitzberg uhartera bidali zutenean. Plaisance-eko hilerri txikian lurperatu zuten eta haren hilarria da Ternuako eskualde horretan euskal hilobi zaharren arteko ezagunenetako bat.

Denboraren joanarekin, hilarri zahar katolikoak desagertu egin ziren. Baina Zuhigaraitxipiren hilobi zaharraren zenbait puska berreskuratu eta gorde dira halere. Axel Brückerrek hendaiar kortsarioa datzan leku zehatza atzeman zuen Ternuan. Eta orain, Hendaiako herriak kortsario horren oroitzapenean inauguratu berri duen plazatxoan, bere historia kontatzen duen plaka bat jarri dute. Eta estreineko ekitaldian, Axel Bruckerrek Ternuan ehortzita dagoen lekutik ekarritako lur apur bat berdeguneetako batean zabaldu dute. Herriko etxeak jakinarazi duenez, Kaneta auzoko elkartearekin adostuta, aingura bat ezarriko dute bertan.

Bestalde, Kaneta portuko gune horren azpian 1944an eraikitako bunkerrari buruzko historia azaltzen duen pano bat ere ezarri dute bisitarientzako. Kanetako portu zaharraren historiari buruzko artxiboak galdu ziren 1793 eta 1813ko inbasioen karietara, beraz ez da garai horren gaineko dokumenturik. Haatik, 1865etik goiti Hondarribira txalupan joan nahi zuten turisten jarioa emendatu egin zen, eta gune Portu Zaharra egokitu egin zen. Eta 1886tik goiti Kaneta portuko arrantzaleek sardina arrantzari ekin ziotenetik herriko gune bizia bilakatu zen. Horren ondorioz, 1892an herriko kontseiluak merkaturako ontziralekua handitzea erabaki baitzuen.

Portuak hainbat eraikin historiko gordetzen ditu oraino. Vauban-en harresien aztarnak eta hiru kainoi. Eta 2011z geroztik Monumentu Historiko izendatuak dauden Bakhar Etxea (Pierre Loti idazlearen jauregi eta bizileku), eta arkitektura berezikoa den Etxe Moriskoa ere.