Abadia jauregiak bisitari kopuru marka historikoa lortu zuen iaz

Antxeta Irratia 2024ko api. 26a, 16:01

Martxan jarri berri duten 'Oroitzapenen Hiria' egitasmoa kapitalizatzen hasi dira Hendaian. Udatiarren hondartza goseaz haratago, turismo kulturala sustatu eta herriko ondare historikoak balioan jartzeko helburua dute 2023-2027 urtealdian. Eta iaz %11 bisitari gehiagorekin, 67.000 bisitarien langa gainditu dute, pandemia aurreko datuak ia bikoiztuz. 

1864tik 1884ra Viollet Le Ducek eraikitako estilo neogotikoko Abadia jauregiak bisitari marka guztiak apurtu zituen 2023 urtean. Euskal kulturaren sustatzaile sutsua, Antton Abadiakoa zientzialari eta kulturgilearen kapritxozko jauregiak kultura desberdinak gordetzen ditu bere baitan, gelaz-gela hamaika misterio, mezu sekretu eta Hendaia eta Euskal Herriaren historiaren orrialde oparoenetakoak. Euskal herritar zein bidasotar askorentzat jauregiaren barrenak ezezagunak badira ere, urtero turismoarentzat erreklamu garrantzitsua da Hendaian. Eta milaka bisitari erakartzen ditu. 

Aldiz, Hendaiako herriko etxeak turismo alorrean memoria eta historia balioan jartzeko abian jarri duen 'Oroitzapenen Hiria' ekimenak bere fruituak ematen hasia da. Eta Abadia jauregia eta bere obserbatorioaren ondarea kapitalizatzen hasi dira, 2023an 67.268 bisitari jaso baititu, 2022an baino %11 gehiago. Eta bisitariek 10etik batez besteko 9,12ko nota eman diote bisitari. 2019an, pandemia aurreko urtean 35.000 bisitari jaso zituzten bisitak hizkuntza desberdinetan eta taldeka antolatzeko harreragune berria egin ondotik. 

Orain, aldiz, bisita eskaintzeaz gain, 1,2 milioi euroko aurrekonduarekin, 2023-2027 urtealdirako 'Oroitzapenen Hiria' proiektuan eskaintza ugaritu dute aurreneko urtean. Izan ere, scape room edo ihes-joko bat ere antolatu dute erreklamu gisa, baita atelier zientifiko anitz proposatu ere. Halere, Abadia jauregiko parke botanikoa 2021ean zaharberritu ondotik, jauregiak bere baitan dituen altxorrak aski dira turisten ikusmina pizteko. 

Turismo Bulegoaren bilan baikorra

Bestalde, herriko etxea pozik azaldu da Hondartza auzoko turismo bulegoak egin duen 2023ko bilanaren datuekin. 2022an baino %12 bisitari gehiago pasa dira bertatik informazio eske, orotara 64.952. Eta bere webgunean (www.hendaye-tourisme.fr) 599.825 bisita jaso dituzte. Eta herriko kultur, kirol eta bestelako ikusgarrien txartel salmenta eta erreserba zentral zerbitzuari dagokionez, 75.837 euroko salmentak bildu dituzte, 2022an baino %3 gehiago. 

Era berean, Hendaiako irudi eta eskaintza turistikoa hedatzeko eramandako lanari dagokionez, Bordele, Okzitaniako Tolosa, Nantes eta Euskadi mailako hainbat turismo azoka eta komunikazio ekintzetan parte hartu du Hendaiako Turismo Bulegoak. Eta Hendaiari buruzko 143 erreportai egin ziren iaz Frantzia zein Espainiako estatuetako komunikabide desberdinetan.