Lander Garro eta Cesare Maglioni zine zuzendarien eta Laurent Dufreche editorearen ekimena da Hendaian sortu berri den zinekluba. Borderline Fabrikaren inguruan dabiltza hiru sortzaileak, Garrok azaldu duenez, eta Maglioniren bultzadapean hasi dira lanean.
Helburua, Garrok kontatu digunez, "zirkuito komertzialean lekurik izanen ez duten" filma "esperimentalak" proiektatzea da haien asmoa. Hasteko, baina, 2022ko Donostiako Zinemaldian saritua izan zen "A los libros y a las mujeres canto" film dokumentala izanen dute, baita Maria Elorza zuzendariaren presentzia ere. Jaialdietan ibilbide handia izan bazuen ere, dokumental autobiografikoa da Elorzarena, hizkuntza nahasketa ederra ere baduena, eta klubaren helburuekin bat egiten du.
Ostegun honetan, maiatzaren 2an, arratsaldeko 19:30ean bilduko da zinekluba estreinakoz Borderline Fabrikan, lehenik filma proiektatu, eta ondotik zuzendariarekin solasteko. Lander Garrok kontatu digunez, publikoak galderak eginen dituela espero dute, haren iritziz Borderlinen "beste lekuetan ez bezala jendeak askatasunez hitz egiten" baitu. Hala, Maria Elorza zuzendariari zalantzak, dudak eta bertzelakoak giro goxoan galdetzeko parada izanen da.
Hileroko hitzordua
Hilabeteko lehen ortzegunetan bilduko da zinekluba, Hendaiako tren geltokian kokatua den Borderline Fabrikan, urririk. Deialdia ere zabaldu dute, antolatzaileetara batu nahi duen interesdunik balitz, ostegun honetako hitzordura hurbildu eta haiekin solasteko.