Sorosleak prebentzio eta zaintza lanetan zentratu daitezen, abisuak emateko bozgoragailu sistema berria instalatu dute Hendaiako hondartzan. Haririk gabekoa da, Akitaniako kostalde osoan halako sistema ezartzen duen aurreneko hondartza da Hendaiako, eta apirilan lehen frogak egin ondoren, maiatzako jai egun eta zubien karietara martxan jarri dute. Hondartzako zaintza maiatzaren 8tik 12ra aktibatu dute eta Pentekoste zubian ere (hilaren 18tik 20ra) berdin egingo dute 12:00etatik 19:00etara. Sistema berria erabiltzen hasi dira Hondarraitzeko hondartza handian.
Halere, udako sasoirari begira, berrikuntza hondartzak dituen ia hiru kilometro luzeeran martxan izango da, eta hondartza osoan entzun ahal izango dira mezuak hiru hizkuntzetan (frantsesez, euskaraz eta gazteleraz). Eta beraz, hondartza mukuru betea denean ere abisuak emateko hondartza osoan baliagarria izango da. Kotte Ecenarro auzapezak azpimarratu du «sistema berritzailea» dela, eta Zokoburutik Dunbarrietaraino zortzi masta gainean instalatuko dituztela.
Gogoratu Hendaiako hondartza osoaren zaintza eta sorospen zerbitzuaren udako sasoia, ekainaren 22an hasiko dela aurten, Dunbarrietakoan barne.