Alarma deia egin dute Hendaiako Sokoa enpresako langileek: urtero derrigorrez egitekoa den soldata negoziazioan inposaketa egin du enpresaren zuzendaritzak. 2023an urteko inflazioak %4,9 egin badu gora, soldaten emendaketa %2,5 bertzerik ez dela izanen salatu dute. Langileek berriz, 13. hilabete sari baten bidezko konpentsazio bat dute galdegin negoziazio mahaian, Sokoako hitzarmen kolektiboak barnebiltzen duen neurria izanki. Sari horren bidez, inflazioaren eta eskualdeko etxebizitzen prezio garestien gastua parekatzea nahi lukete. Zuzendaritza, haatik, apirilaren 28an negoziazio mahaitik joan zen.
Egoera are ulergaitzagoa zaie sindikatuei, enpresaren irabaziak handitu baitira. 15 urtean, 11 milioi euro egin dute gora aulkiak egiten dituen enpresaren irabaziek. Egoitza berri bat ere ireki dute azken urtean, Intzura industriaguneko Lekueder karrikan: 60 langile ari dira bertan, eta 5 milioi euro baina gehiagoko inbertsioa egin dute.
Soldaten emendatze eskasaz gain, interes primak behera egin duela ere salatu dute. Enpresa batek irabaziak dituenean, urte bukaeran langileei zati bat banatu beharra die sari horren bidez. Haatik, LAB eta CFDTk eman dituzten datuen arabera, 2007an 4000 euro inguru jaso bazituzten langileek, iaz 1834 besterik ez zituzten ukan, tarte berean enpresaren irabaziek 11 miloi gora egin bazuten ere. Horren gibelean bi arrazoi daudela azaldu du Heren Muruaga LAB sindikatuko kideak: batetik, Lekueder karrikako egoitza berriaren inbertsioa, eta bertzetik inflazioaren ondorioz, lehengaiak garesti erosi eta produktua salmentan ez garestitu izana. “Kudeaketa akats handia”, Muruagaren hitzetan.
Zuzendaritza, gero eta boteretsuago
Hain zuzen ere, 2017az geroztik boterean dagoen zuzendaritzari deitoratu diete egoera. Timothée Axeritogarai zuzendari orokorrak “botere kontzentrazio” handia du, Mikel Ibarguren LABeko kideak dioenez. Eta bi adibide eman ditu: batetik, aurtengoa bezalako negoziazioetan ez diola Giza Baliabideen zuzendariari negoziatzeko ez erabakitzeko eskumenik ematen, eta bertzetik, Sokoak Enargia kooperatibaren kapitalean duen parte hartzea deusezteko asmoa. Parte hartze hura langile eta akziodunen artean kontsulatua izan bazen, erretiratzeko asmoa “prentsaren bidez” jaso dutela dio Ibargurenek.
Halako erabakien ondorioz, langileek enpresarekiko duten atxikimendua “ez da garai batekoa bezalakoa”, bi sindikatuek gaitzetsi dutenez. Langileen egonkortasuna behera doa, eta koadroek ez dute Administrazio Kontseilurako hautagaitzarik aurkeztu azken bozetan.
Ostiral honetan langileen Biltzar Nagusia deitu dute, egun berean izanen den Administrazio Kontseiluari eskaera zehatzak egin eta mobilizazioen jarraipenaz erabakitzeko. LAB eta CFDT sindikatuek borrokan jarraitzeko borondatea erakutsi dute, “Elgarrekin lortuko dugu” leloa zuen banderolaren aitzinean.