Enegarren domina da Jessica Berrarentzat. Arraunketan munduko txapeldun izendatu zen Tehsalonika (2014), Lima (2015), eta Galeseko Saundersfoot (2021), baita zilar eta brontzezko dominak eskuratu ere munduko onenen artean sailkatuta, 2018an Kanadan, Hong Kongen 2019an eta Portugalen 2021ean ere. Baina 35 urtetan goi mailan segitzen ahal duela erakutsi du berriz ere Frantziako Dunkerqueko uretan nagusituz. Oraingo honetan olinpikoa ez den Itsas Enduro proban, nahiz eta sprint proba gisa Los Angeles 2028an aurkeztuko duten demostrazio bezala.
Dunkerquen haize ainitz bazen eta eguzki ederra. Berrak aipatu digunez, ez zuen alde teknikoak sortu desberdintasuna, alde fisikoak baizik. Gainera, Seine Sur Mer aldeko Edwige Alfrediri nagusitzea zuen helburu, hura baita erreferentzia banakako proban, itsas arraunean. Eta lortu du.
Orain, Europako txapelketa helburutzat hartuko du Endaika arraun elkarteko lehendakariak. Hau bi sailetan jokatzen da. Alde batetik, nazioen mailan eta bestetik klub edo elkarte mailan. Frantziako laugarren bururatu zuen iaz, eta zilarrezko domina eskuratu zuen kluben artekoan. Aurten, gorago ikusteko itsas eta aro baldintza hoberenak beharko dituela aitortu digu.