Azken urte pasotxoan, Chat GPT, Dall-E, LLaMa eta bertzelako Adimen Artifizialeko tresna irekien zabaltzearekin, gaiak oihartzun nabaria hartu du. Haatik, tresna horiek berriak izan arren, Adimen Artifiziala aspaldiko kontua da, eta gure egunerokoan hamaika erabilera ezberdin ditu, oharkabean gehienetan. Ion Alberdi informatikan ingeniariak aipatu digunez, interneten eraikuntza egin zen garaitik dago presente, eta sareetan aspaldian ezagunak diren erabiltzaileei iradokizunetan oinarrizkoa da.
“Beldurra” eragiten du maiz Adimen Artifizialak, publiko zabalaren esku dagoenetik bederen. Hezkuntza edo sentsibilizazioa eskas da, eta tresna indartsuak dira. Alberdik azpimarratu duenez aldiz, teknologia ulertzeko “erraza” da, algorritmo xinpleetan oinarritua baitago. Horixe izanen du hain zuzen ere aipagai ostegunean Baleak elkartean, eta bertaratzen direnei tresna hauen gibelean dagoena ulertarazten ariko da: “ilusioz” hartu du aukera.
Hitzordua arratseko 19:00tan finkatu dute ostegunean, Hendaiako erdiguneko Ereinotz karrikako lehenean den Baleak elkartean. Hilabetero bezala, dibulgazioarekin bukatuko dute hilabetea, ikasturtean lehenago ere Gamazada, Pablo Gonzalezen auzia, Gazako genozidioa edo Laborantza izan dituzte aipagai.