Herriko bozetarako bi urte besterik ez dira gelditzen Ipar Euskal Herrian. Eta Hendaia Biltzen udal taldea hauteskunde hitzordu horri begira jarri da herri programa lantzen hasteko deialdi zabala eginez. Hendaiaren egoera aztertu eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko lan ildoak definitu nahi ditu. Eta horretarako ekainaren 22an topaketa bat antolatu dute Ondarraitzeko Club Housen. Letizia Navarron, Hendaia Biltzeneko hautetsiak argitu duenez, goizeko 9:00tan hasiko da kafe baten bueltan, eta galdetegi bat proposatuko diote jendeari helburuak zehazteko, eta proposamen desberdinei buruzko lehentasunak markatu eta eztabaida bideratzeko. Bukaeran ondorioak aterako dituzte, eta bigarren data bat finkatuko dutela iragarri dute lanketan sakontzeko.
Baina hendaiarren ekarpenak jasotzeaz gain, Hendaia Biltzenek udalgintzan markatuak dituen erronka nagusiak ere partekatuko dituzte. Paulo Arzellus hautetsiak aipatu digunaz, hiru ardatz nagusitan sailkatu dituzte lehentasunak.
Alde batetik, baliabideeen kudeaketa eta babesa. «Uraren kudeaketa, mugikortasuna, lurraren babesa eta Hendaian giltzarri den Moleres bezalako eremua laborantxarako behar duela izan defendatzen baitugu, baita energia berriztagarriak, eremu naturala eta biodibertsitatearen defentsa ere», azaldu du Arzellusek. Bigarren ardatza, eraldaketa ekosozialean oinarritzen da. Ekonomia eta lurralde garapena irizpide hartuta, lotura sozialetan oinarritu behar dela defendatzen dute abertzaleek «oreka bilatuz». Azkenik hirugarren ardatza euskara dute. «Gure nortasunaren elementu nagusia da, eta badakigu Hendaian eta Euskal Herrian euskararen biziraupena pasatuko dela %30eko hiztun kopurua segurtatuz», dio Arzellusek.