Hendaiako Harri-Xabaleta (Bas Quartier) auzo elkarteak sinadura bilketa abian jarri zuen atzo auzoko lorategi-baratza salbatzeko xedez. Maiatzaren 30ean egindako bileran hainbat erabaki hartu zituzten, bizilagunek herriko etxeak bertan egin nahi duen hiri-lorategi eta arrêt minute aparkalekuen proiektuari alternatibak aurkezteko. Iragarri dutenez, ostegunero 16:00etatik 19:00etara baratzean bertan egongo dira, eta bertatik pasa daiteke ondoko eskaera sinatzera nahi duen hendaiar orok. Izan ere, esparrua berrurbanizatzeko proiektua erakutsi die herriko etxeak auzo elkarteak eskatuta, eta ez daude ikusitakoarekin konforme.
Biodibertsitatea vs porlana
Residence Parcheteguia parean dagoen lursail hau pribatua izan da historikoki. Baina aldamenean duen eraikina Herri Elkargoak apartamenduak egiteko erosi zuen momentuan, berdegunea jabetza publikokoa izatera pasa zen. Baratze-lorategia bere horretan uztea deliberatu zuten orduan. Aldiz, Hendaiako herriko etxeak beste proiektu bat jarri du mahaigainean, eta auzokideak ez daude konforme. Haien helburua herriko etxeak bertan egin nahi duen 400.000 euroko «proiektu txikitzailea gelditzea» da. Migueltxo Jimenez auzo elkarteko kideak azaldu duenez, «Gelditzen zaigun gauza bakarra da, zerbait egitea ala isiltzea. Eta kudeaketa kolektibo bat eginez pentsatzen dugu aprobetxatu daitekeela belaunaldien arteko harremanak sustatzeko, auzokideen artekoak, gure Hendaia honetan jendea atomizatua bizi dela norbere apartamenduetan, behar handia dagoelako».
Auzoko zaharrenek betidanik eremu horretan baratze bat izan dela gogoan dute. Eta azken zortzi bat urteetan permakultura egiteko baliatu izan da. «Leku atsegina, intsektu polinizatzailez betetakoa da, lorez betea, polita. Eta herriko etxeak landaredia hori suntsitu nahi du, ondoren bizpahiru lore eta zuhaitzekin porlanezko hiri-lorategi moderno bat egiteko», kexu da auzo elkarteko kidea.
Bestalde, Sapartartia eta Pellot karrikaren artean kokatuta, lursail honen parte diren bi garaje zaharren eraikina ere eraitsi nahi du herriko etxeak, eta arret minute hiru plaza egokitzea aurreikusi du proiektuak. «Hori ere, ez da batere auzokideen eta komertzioen eskaera bat izan, beraiek erabaki dute eta punto. Pentsatzen dugu garajeak ez ditugula zertan bota behar, eta autoentzako parkinak egin beharrean, zergatik ez bizikletentzako aparkaleku estalia?», dio Jimenezek. Auzoan horren beharra dagoela diote auzokideek.
Beltzenia inguruetan, Harrixabaleta auzoan geratzen zaien azken gune berde naturala dela oroitarazi dute bizilagunek, eta kalitate handiko lurrak direnez, atxiki behar direla. Herriko etxeak haien iritzia aintzat hartuko duelako itxaropena ez dute galdu oraindik, baina «beti ere kontuan hartzen dugu herriari porlana kopetan sartzen zaionean kostatzen zaiola horretatik ateratzea…».
Bestalde, herriko etxeak bertan egingo duen 400.000 euroko inbestizamendua auzo elkartea duela 8 urte abiatu zuen trafikoa mantsotzeko eta auzoko oinezkoen segurtasuna hobetzeko neurrietara bideratu dezala proposatzen dute. Azken urteetan Beltzeniako Pellot biribilgunean zenbait lan egin ditu herriko etxeak, baina Komanda Passicot, Fermes, Beltzenia eta Tunel karriketan segurtasun neurri gehiago aldarrikatzen dituzte, ZONE 20 eremu bat ezarriz, adibidez.