Peio urriza

«Eskolan hasi aitzin euskaraz haurtzaindegi baten beharra bazen Hendaian, Txiki Txokok asetu duena»

Antxeta Irratia 2024ko eka. 11a, 10:33

Hendaiako Txiki Txoko haurtzaindegiak 10 urte bete ditu. Eta horren ospatzeko egun osoko egitaraua prestatu dute Gaztelu Aretoan ekainaren 16an. Hamarkada hontako ibilbidean zehar proiektuaren parte izan diren haur, guraso, irakasle eta eragile desberdinak bildu nahi dituzte. Peio Urriza elkarteko lehendakariarekin mintzatu gira Txiki Txokoren ibilbideaz.

Gaur egun normalizatu bada ere, 2014 urtera arte 0-6 urte bitarteko haurrei zuzendutako haurtzaindegi euskaldunik ez zen Hendaian. Txiki Txokok beharrezkoa zela baieztatu du hamar urteotan. Gaur egun 12 haurrendako lekua du, eta pittaka-pittaka proiektua sendotu eta hendaiarrak euskalduntzen bere ekarpena egiten doa ikasturtez-ikasturte.

Peio Urriza, Txiki Txoko elkarteko lehendakariak aitortu digunez, hura izan baitzen hastapeneko helburuen artean ere. «Batetik helburu zituen, lehena bistan da sozial aldetik, haurrak zaintzea, geroz eta beharrezkoagoa. Eta beste aldetik gure helburu nagusia zen euskararen militante eta maitale bezala, ikastolan hasi aitzin euskaraz haurtzaindegi baten hutsunea bazela Hendaian».

Formula eta eskaintza berritzailea

Duela 13 bat urte biltzen hasi ziren hainbat militante honi buruz gogoetatzen, eta Hendaian bere etxean haurrak zaintzen zituen Maisons d’Assistants Maternels (MAM) euskaldun batekin topo egin zuten bidean. Izan ere, Ipar Euskal Herrian figura honi esker, haurtzain batek bere etxean hiruzpalau haur zaindu ditzazke ofizialki, etxea egokitu eta arau batzuen menpe. Peio Urriza, Txiki Txoko elkarteko lehendakariak gogoratzen duenez, hor hasi ziren euren proiektua bideratzeko formula irudikatzen. «MAM edo euskaraz Haurtzain Etxea egitura sinpleagoak dira montatzeko, ez du puerikultura eta zuzendaritza posturik eskatzen», argitzen digu.

Halere, elkarte bat montatu behar zutela erabaki zuten erakunde publikoei laguntza eskatu eta bideragarri egiteko. «Hendaian lokala atxemateko zailtasunak zeudelako, eta herriko etxera jo genuen laguntza galdeginez, eta garai hartan  haurtzaindegi bat euskaraz interesatzen zitzaiela esan ziguten», dio. Battitte Salaberri auzapez zen garai haietan, eta Hendaian zegoen udal haurtzaindegiaren egoitza txiki geratu eta lekuz aldatu behar zela probestu zuten, Txiki Txokok hau hartzeko. 100 metro koadroko lokala normetan zen, eta paretak tindatuta herriko etxeari alokairu baten truke hasi ziren baliatzen. Altzarientzako dirurik ere ez zutenez, Sokoa lantegira jo zuten, eta bertako langileen seme-alabendako hiruzpalau leku gorde zituzten laguntza baten truke. Izan ere, sehaska, oheak, oihal eta jantziak garbigailua, bazkariak berotzeko labea… gauza anitz behar ziren hastapenean martxan jartzeko. CAF egituratik ere jaso zuten laguntza. Eta horrela abiatu zen proiektua duela hamarkada bete.

Orain, 10. urteurrena ospatzeko egun osoko besta antolatu dute Txiki Txokoren familia zabala bildu nahian. Iragarri dutenez, 12:00tan hastapenean proiektua sustengatu zuen Battitte Salaberri auzapez ohia gonbidatu dute hitz batzuk esatera, baita ondoren babesten jarraitu duen Kotte Ecenarro auzapeza ere. Baina keinu instituzionaletatik haratago, haur eta familiendako eguna izanen da.

Goizeko 11:00etan hasiko da Akelarreko haurren dantza ikusgarriarekin, eta 12:30tako hitzaldi ofizial eta aperitifaren ondoan, 15:00etan Txiki Txokoko haurren ikusgarria ere izango da. Eguna Pontx pailazoaren emanaldiarekin borobilduko dute gero. La Grande illusion jokoak, puzgarriak, argazki erakusketa, txalaparta eta makilatze tailerra izango dira egunean zehar.