SAGARNO EGUNA

Dena prest dute Hendaian txotx egiteko

Koldo Nausia 2024ko eka. 12a, 11:46

Errepublika plazako obrak direla eta, aurten Portuko karrika luze eta zabalean hartuko du sagarnoak larunbatean. 17:30ean txartel eta edalontzi salmenta hasiko dute, eta 18:00etan idekiera Eztibeltza Kooperatibaren eskuko “Jo ala jo” kirikoketarekin egingo dute eta bertsolaririk eta animaziorik ez da faltako. Baleak elkarteak antolatuta Hendaiako 12 elkarte bilduko ditu aurtengoak eta Euskal Herri osoko sagarnoen eskaintza zabala. 

Aurten Irungo Sagardo Egunik ez da ospatu, eta bidasotarrak sagarno egarriz dabiltza. Bada, larunbata honetan izango dute aurtengo uzta dastatu eta nahi haina edan eta ospatzeko aukera. Baleak elkarteak 1998. urteaz geroztik antolatzen duen Hendaiako Sagarno Eguna ekainaren 15ean ospatuko dute. Hitzorduak Hendaiako euskalgintza eta Txingudi eskualdeko bizilagunak ere elkartzeko gaitasuna duela aldarrikatzen dute antolatzaileek.

Baleak elkarteko Jesus Arzallusek gogoratzen duenez, «27 urte badira antolatzen eta sustraitzeko haina historia badu, tartean zulo batzuk egon dira, pandemiaren ondorioz, eguraldiagatik edo antolaketa krisi bat eman zelako», aitortzen du. Aurten, aldiz, Errepublika plazako zaharberritze obren ondorioz, erronka leku aldaketa izango da. Ez dira urrunera joan beharko. Izan ere, Portu karrika osoa hartuko du aurtengo Sagarno Egunak. «Kaneta aldeko Enbata gaztetxetik hasi eta goruntz ikusiko dugu noraino ailegatzen garen», diote. Usadio handiko hitzordua izanik, eta Baleak antolaketa lan handiena hartzen badu ere, herriko dozena bat elkartek parte hartzen baitute bertan. Oihana Lusarreta, Baleak elkarteko kideak argitu duenez, «Portu karrikan egoitza duten elkarteek bertan zerbitzatuko dute sagardoa, eta besteek postua jarriko dute, elkarte bakoitza sagardotegi desberdin batekin binazkatuta».

Dozena bat elkarte eta sagardotegi

Horretan ere, eskualdeko zenbait sagardo dastatzeko aukera emango dute. Urtero ahalegintzen baitira tokiko sagardogileekin. Aurten Lesakako Linddurrenbordaren sagardoa izango da, Mintzaian euskara elkartearen postuan dastagai. Hendaiako Antsoborlo sagardotegia Txiki Txoko euskal haurtzaindegi elkartearen eskutik, Biriatuko Kamino Berri sagardotegia LAB sindikatuaren postuan, eta Irungo Ola sagardotegiak ere parte hartuko du Biriatuko Ikastolarekin.

Baleak elkarteko Jon Alberdi, Jesus Arzallus eta Oihana Lusarretak eman dizkigute xehetasunak.  

Gainerakoan, Baleak elkarte antolatzaileak Larraldea (Lekaroz) sagardotegiarena zerbitzatuko du, Bagera elkarte feministak Iturrieta (Aramaio), Entzun elkarteak Etxeberria (Astigarraga), Hendaiako Gure Ikastolakoek Ordozelai (Oiartzun), Bidasoa Etorkinekin Zapiain sagardoa (Astigarraga), ACE elkarte ekologistak Sarako Ihitia sagardotegiarena eskainiko du, eta Astigarragako beste bi zuku izango dira presente. Hendaiakoopek zerbitzatuko duen Gurutzeta sagardotegikoa, eta Bereziartua sagardotegia, Gaztelu Zahar eta Enbata gaztetxeak eskainiko dutena. Bi hauek Portu karrikaren behekaldean egoitza dutela.

Antolatzaileek oroitarazi dutenez, 17:30ean hasiko dira txartelen salmentarekin. Orotara, 800 bat edalontzi jarriko dituzte salgai 6 eurotan, eta elkarteek proposatutako pintxoetarako txartelak. Sagarno Egunaren idekiera ekitaldia 18:00etan izango da, eta bertan Eztibeltza Kooperatibak “Jo ala jo” kirikoketa plazaratuko dute usadio zaharrei keinu gisa. Bertsolaririk ere ez da faltako. Iragarri dutenez, Amets Arzallus eta Anjel Mari Peñagarikano ariko dira Auntxa Trikitixa Eskola eta Kuxkuxtu txarangak animaturik.