Auzoko lorategia «urbanizatu eta artifizializatu beharrean, kudeaketa horizontala, inklusiboa eta kolektiboa eramateko aukera» aztertu dezala galdegiten diote herriko etxeari. Proposamen zehatzik oraindik ere ez daukatela argitu du auzo elkarteak, baina Harri-Xabaleta (Bas Quartier) auzo elkartearen bueltan laguntzeko interesa agertu duten lorazain, arkitekto eta paisajistak diren auzokideak hurbildu zaizkiela diote, eta proiektu txukun bat aurkezteko aukera nahi dute.
Aldiz, kolektibotik aitortzen dutenez, ez dute asteotan udal agintariekin harremanetan sartu ahal izan. Eta beraz, mobilizatzeko deia luzatu dute. Izan ere, auzoan dagoen 400 metro koadroko azken berdegunea salbatzea ezinbestekotzat jotzen dute. Edo gutxienez, «herritarrekin kontsultatu dezatela» eskatzen du Migueltxo Jimenez auzo elkarteko kideak, «hendaiarren beharrekin pentsatuz». Azken urteotan turismoari begirako hirigintzaren irizpideei jarraituz, Kaneta Portuan edo Hondartza auzoan egin izan diren proiektuen ildo beretik, honako hau ere porlanari lehentasuna ematen dion parke bat delako arranguraturik baitaude auzoan. «Oinezkoendako espaloiak, esertzeko bankuak, hiruzpalau zuhaitz eta lurreko lorontzi edo parterretan landatutako zuhaixkak besterik ez», azpimarratzen du Jimenezek.
Bien bitartean, SOS Baratza kolektiboak salbatu nahi duen lorategiak frutarbolak, sendabelarrak, baratza, mahastiak eta intsektu polinizatzaile zein tximeleta anitz erakartzen dituen biodibertsitate aberatsa biltzen duela aldarrikatzen dute. Betidanik baratzea izan bada ere, urte luzetan permakultura landu izan da bertan, eta azken urteotan utzita eta sastraka betea egon bada ere, hau txukuntzen eman dute hilabetea auzolanean. Eta kalitate handiko lurrak direla azpimarratzen dute. Azken asteetan egindako sinadura bilketarekin batera ere, 400 metro koadroko berdegune honek karbono isurketen xurgatzeko duen gaitasunari eta hendaiarrei ekartzen dizkien onurei buruz informatzeko pankartak afitxatu dituzte auzoan. Baina hauek ere udaltzainek kendu egin dituztela salatzen dute. «Ez zuten trabarik egiten baina horrela da. Etxeegintzak eta errepideak okupatu dituen Hendaia honetan, auzoan geratzen zaigun arnasa hartzeko oasi moduko bat dela azpimarratu nahi genuen, besterik ez», dio Migueltxok. «Kontua da, herriko etxeak nahi duena egin dezakeela lur publikoa delako, baina horregatik hain justu, herritarrekin kontsulta dezala, publikoa bada, gure ere badelako», dio.
Residence Parcheteguia parean dagoen lursail hau pribatua izan da historikoki. Le Jardin Berekoetxea gisa ezagutua, aldamenean duen Berekoetxea eraikina Euskal Hiri Elkargoak apartamendu sozialak egiteko erosi zuen momentuan, berdegunea jabetza publikokoa izatera pasa zen. Baratze-lorategia bere horretan uztea deliberatu zuten orduan. Aldiz, Hendaiako herriko etxeak beste proiektu hau jarri du orain martxan.
Ekainaren 26ean, asteazken honetan, herriko kontseiluan izango dute proiektua aztergai. Eta SOS Baratza kolektiboak hautetsiei presio emateko elgarreratzea deitu du herriko etxe aitzinean 17:30ean. Auzo elkarteak argi du, proiektu honetarako aurreikusia dagoen 400.000 euroko inbestizamenduaren dirua, oinezko eta bizikletentzako segurtasuna, eta zirkulazioa mantsotzeko neurrietara bideratzea lehenesten dute auzo elkartean. Aspaldiko aldarrikapenak baitituzte hauek.
Bestalde, sinadura bilketa aurkeztu eta elgarreratzearekin batera, ekainaren 29an norkbere etxetik eramandakoarekin bazkari partekatu bat antolatu du auzo elkarteak lorategiaren parean den plazatxoan. Lorategi urbanoaren proiektua geldiaraztea zaila izango dela aitortzen dute auzo elkarteko kideek. «Hirigintza eta ekonomia irizpideak gailentzen direnean zaila izan ohi da, baina auzo kontzientzia berpizteko eta jendea aktibatzeko balio izaten ari du borroka honek», argitzen dute.