Txipiroi usainak hartuko du Hendaiako hondartza bihar, Txipiroi Bestaren kari, elkarte eta musika taldeen eskutik

Aimar Lopez 2024ko uzt. 12a, 12:27

Hendaiako dozena bat elkarteren postuek hartuko dituzte Hondartzako karrikak, ohiko txipiroi afariak eskainiz; ezinbesteko diruztatzea da Akelarre elkartearentzat. Artean, herriko eta kanpoko taldeek girotuko dute arratsa, iragarpenaren arabera, hodeitsua baina epela.

Akelarre elkarteko Axun Mikelarenak argi du: Txipiroi bestan biltzen duten dirua gabe, nekez eginen lukete urte osoko jarduna. 50 urte betetzen ditu aurten Hendaiako dantza elkarteak, eta urtarriletik abendura luzatzen bada urteurrenaren kari antolatu duten egitaraua, udan ohiko hitzorduek urtebetetze zaporea dute aurten.

Hain zuzen ere, udako lehen hitzordua dute larunbat honetan, Txipiroi besta. Dantzarik egiten ez badute, 100 kilogramo txipiroi dituzte prestatuko, saltsa beltzean edo tomatetan, 250 afaltiar ingururentzat. Dozena bat lagun dabiltza horretan lanean azken egunetan.

Akelarrez gain, kultur, kirol eta bestelako elkarte ugari izanen dira hondartzako karriketan larunbat arratsean. Animazioan ere, Zarpai Banda, Kaskarot Banda, Alaiak, Koloka eta DJ Bull ariko dira karrikaz-karrika baita oholtzan ere.

Akelarrek 50 urte

Udan Txipiroi besta, Biriatuko dantzaldia, Baztandarren biltzarra eta Hendaiako Hiri Besta eta Euskal Besta izanen ditu geltoki Akelarrek. Uda bukaeran berriz, margolan erakusketa antolatuko dute, eta irailaren 18an, urte anitzez geldirik egon ondotik irakurraldia itzuliko da, Aurelia Arkotxa idazle hendaiarraren testuekin.

Azaroaren 23ko data ere gordetzeko deia egin du Axun Mikelarenak, egun horretan izanen baita 50. urteurreneko egun nagusia. Urtea bukatzeko berriz, Txontxongilo egunak Olentzero izanen dituzte.