Memoria

Hendaiako historia agerian emateko Oroitzapenen Hiria inauguratu dute

Aimar Lopez 2024ko uzt. 15a, 14:00

Kanpoko bisitariak baino, herritarrak erakarri nahi ditu interpretazio gune berriak, Hendaiaren historia eskuragarriago eginez. Turismo Bulegoak funts propioekin diruztatu du, Akitania Berriaren eta Elkargoaren laguntzarekin.

Andaye - Oroitzapenen hiria interpretazio zentroa aurkeztu zuten ostiralean Hendaian, asteazken honetatik landa irekia izanen den museo, escape game eta turismo saltokia. Erdigunean kokatua, trenbidearen gainean dauden eraikinetan, Hendaiako historian murgiltzen du bisitaria, mitologiarekin hasi, sorgin ehiza, erregeen garaia, Hendaia Urruñatik desanexionatzea, kortsarioak, arrantza portua, kontrabandoa, mugak, gerlak, okupazio nazia eta beste hainbat pasarte historiko sakon lantzen ditu.

Euskara eta frantsesa hein berean dira testu guztietan, eta ganora historiko handikoak izanik ere, erraz egiten da ibilbidea. Hainbat ikus-entzunezko artxibok eta pantaila bidezko jokok etxeko gazteenentzat ere erakargarri egiten dute gunea, Philippe Kehrig Hendaye Tourisme erakundearen lehendakariak azaldu duenez “historiari batzuetan ikusezina dion gazteria” ere erakarri nahian egin dute oroitzapenen hiria.

380 metro karratuko azaleran, bederatzi gela ditu museoak, bakoitza gertakari historiko edo tematika zehatz batekin. 112 pertsona egon daitezke aldi berean, eta horretaz gain, sarreran bertako produktuekin saltoki bat ere badu, baita Escape Room bat ere.

Oroitza eta Agora-Txingudi elkarteekin eta Eusko Ikaskuntzarekin batera burutu du Turismo Bulegoak ikerketa historikoa, ondotik Paueko eta Aturriko unibertsitateak egin duelarik gainbegiraketa lana. Hain zuzen ere, Kehrigek azaldu du egoitza irekitzeak 1.2 milioi euroko kostua izan duela, eta nagusiki azken hamarkadan Turismo Bulegoak aurreztu duen diruarekin egin dituztela lanak, Herriko Etxearen aitzinkontua kolpatu gabe. Akitania Berria eskualdeak 100.000 euroko ekarpena egin du, eta Euskal Hirigune Elkargoak 20.000koa.

Hain zuzen ere, Euskal Hirigune Elkargoan turismoaren arduraduna den Daniel Oltzomendik ekimena goraipatu zuen ostiraleko inaugurazioan. “Hendaiaren historia Euskal Herriarena ere badela” azpimarratu zuen, eta turistentzat baino herritarrentzat sortu den espazioa dela gaineratu.

 

“Hendaian ez da gain-turismorik”

Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak herriko turismo eredua goraipatu du aurkezpenean: “Hendaian ez da gain-turismorik. Turismoak Hendaian komertzioen diru sartzeen %25 suposatzen du, 800 enplegu sortzen ditu sasoian eta 400 urtean zehar. 70 milioi euroko eragina du urtean herrian. Urtean Hendaiara heldu diren 3.3 miloi bisitarietan, 2,7 milioi eskursionistak dira, hots, egun-pasa heldu direnak”. Euskal Herri osotik, Landesetatik edo Biarnotik heldu diren bisitariei baita bertako herritarrei begira egin dute interpretazio gunea, baina turismo datu horiek ikusirik, “Hendaiak turismo bulego propioa behar duela” berresten dela dio auzapezak.

Izan ere, Angelu, Miarritze, Bidarte eta Kanborekin batera, Hendaiak ez du Euskal Hirigune Elkargoaren Turismo Bulego bateratuan parte hartzen, haren estrategiak ez baitio Hendaiari behar bezala erantzuten Herriko Etxearen arabera. Daniel Oltzomendik azaldu duenez baina, erabaki horrek ez du bi bulegoen arteko elkarlana oztopatzen.

Hilaren 17an irekiko da interpretazio gunea, udan egunero irekia izanen delarik, 10:00etatik 18:00tara, urtean zehar aldiz 10:00etatik 12:30tara eta 14:00tatik 18:00tara izanen delarik bisitagarri. Helduentzat 8,80€ko prezioa du, gazteentzat 5,50€koa eta haurrentzat 4,40€koa. Lekuak lehenagotik hartzeko, bertan, Turismo bulegoan edo sarean egin daiteke.