Euskarabenturak Urruñatik Hendaiarako bidearekin ekin dio laugarren asteari

Aimar Lopez 2024ko uzt. 22a, 11:55

Uztailaren lehenean Atharratzetik abiaturik, heldu den astean Getxon bukatuko da Euskarabentura espedizioa. 127 gaztetxo eta 30 bat heldu ari dira martxan, euskaraz bizitzeko arnasgunean.

Oinez eta euskaraz: bakar bat ere atzean utzi gabe. Hendaiako hondartza gurutzatu dute astelehen goizean ehundik gora gaztek, kamiseta laranja deigarriak soinean. Abiaduraren araberako hiru taldetan banaturik dira Jzioquitarrak, hots, ibiltariak, eta bakoitzean bospasei Xerpa, hots, heldu laguntzaile. Musika jarrita, kantuan, solasean, eguzkipean giro ederrean.

Hilabeteko epean, 800 kilometro eginez Euskal Herria zeharkatzen ari dira. Bi heren eginik, azken hamar egunak besterik ez zaizkie eskas, Getxoko Bizkaia zubiko helmugara iritsi aitzin. Nekea bai, baina duten giro onak sasoia eta animoa hobetzen diela azaldu digute Martxel eta Garazi jzioquitar bidasoarrek.

Goizean zehar oinez aritzen badira, arratsaldetan hitzaldiak, tailerrak edo denbora librea izaten dute. Euskararen arnasgune ibiltarian, hizkuntzak Euskal Herriko hamaika txokotan duen egoera izaten dute aipagai, baita euskara erdigunean duten bertze hainbertze ekimenen aurkezpenak ere. Kontzertu eta ikuskizunentzako tarterik ere izaten da, baina aitortu digutenez, egun hauetako beroak hondartzarako gogoa ematen die gehien bat.

Euskarabenturan behin bakarrik parte hartu daiteke; errepikatzeko aukera, 18 urte bete eta Sherpa bezala lan egitea da. Askok egiten dute horren alde, izan ere, azaldu digutenez, uda pasatzeko modu ederra da, eta Jzioquitar ziren garaian sortu zuten sarea mantentzeko parada ere.

Urruñatik Hendaiara itsas bazterretik bidea egin ondotik, trenez egin dute Donostiarako bidea. Heldu diren egunetan, Gipuzkoa eta Bizkaiko kostan ibiliko dira, herriz herri, Getxo eta Portugalete lotzen dituen Bizkaia Zubira iritsi arte. Unescok babesturiko ondarea da zubia, halaxekoa da euskara ere: aurten, 127 gazte berrik ere babesteko engaiamendua hartu dute.