Aurelia Arkotxa idazle, ikerle eta euskaltzain hendaiarraren testu ugari izanen dira irailaren 18an Hendaiako Mediatekan leituko dituztenak. Jean Pierre Artola Akelarreko lehendakariak azaldu duenez, 1974an elkartea sortu zutenean bertan zen Arkotxa, eta aurtengo protagonista hura izatea zentzuzkoa eta garrantzitsua da.
Bertzalde, Miren Intxausti Irakurraldiaren antolatzaileetako batek azaldu digunez, lehen aldia dute idazlearekin elkarlanean antolatzen hitzordua. Izan ere, Aurelia Arkotxak bere obra guztia erabiltzeko “baimena” emateaz gain, hainbat orientazio eta laguntza ere eman die. Intxaustik aipatu duenez, sei hilabete inguru egin dituzte Artolak, Intxaustik eta Arkotxak batera lanean, Ana Erasunekin batera, hitzordua prestatzen.
Hain zuzen ere, prestakuntzak bi arlo dituela zehaztu du Miren Intxaustik: batetik ekitaldia bera prestatu, antolatu eta komunikatzea, eta bertzetik, irakurleak aurkitu eta ordutegian antolatu, testuak prestatu, eta irakurleei helaraztea. Azken honetarako, Arkotxak haien esku utzitako lanak irakurri, ulertu eta sailkatu dituzte, hasiera batean “galduak” zirela aitortu duelarik. Jarraian, “bizpahiru minutuko luzerako zatiak” banatu dizkiete irakurleei.
Irailaren 18an, arratsaldean zehar eginen dute Irakurraldia Hendaiako mediatekan. Parte hartu nahi izanez gero, irakurraldia@gmail.com helbidera mezu bat idatziz jarri daiteke antolatzaileekin harremanetan. Azken edizioetan, belaunaldi ezberdinak biltzea ez dute haiek nahi beste lortu, eta aurtengoan hori hobetu nahi luketela azaldu dute. Horretarako, jadanik elkarte, ikastetxe eta norbanakoekin lanketan ari dira Akelarrekoak. Irakurraldiaren bukaeran, giro onean, parte hartzaile guztientzako aperitifa prestatuko dutela azpimarratu dute irri artean.
Mende erdia euskal kultura sustatzen
50 urte bete ditu aurten Akelarre elkarteak. Gaur egun nagusiki dantza elkartea bada, azken mende erdian zehar euskal kulturaren aldeko hamaika ekimen burutu ditu, eta eskertza egin dio gure uhinetan Miren Intxaustik lan horri. Ospakizunei dagokionez, urte hasieran Bixintxoen kari hasi zuten egitaraua, eta geroztik Pirritx eta Porrotxen ikustaldia, Iparraldeko Dantzari Eguna, argazki erakusketa bat, hitzaldi bat eta beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Jarraian ere, margolan erakusketa bat, irakurraldia, urteurreneko egun nagusia, txontxongilo egunek eta Olentzerok beteko dute urtearen bigarren erdia.