Espainiako Gerla Zibileko errefuxiatuen semea, ama hondarribitarra zuen, aita pasaiarra. Hendaian sortu eta hazi zen, errefuxiatuak gaizki ikusiak ziren garaian, herriko giro "frantsesean". Parisera joan zen gerora; han ere, Euskal Etxearen sorreran ibili zen.
1970. hamarkadan, Hendaia euskalduntzeko lanean hasi zen, elkarte eta bestelako ekimenen bidez. Hendaiako Ikastolaren sorreran inplikatua, Akelarre eta bertze hainbat elkarteren bultzatzaileen artean ere izan zen. 1971n, Sokoa enpresaren sorreran ere parte hartu zuen, iaz zendu zen Patxi Noblia eta beste hainbatekin batera.
Marinel, itsasoarekiko zuen maitasuna itsas ondarearen babes eta hedapenerako lanaren bidez erakusten zuen Etxarrik. 1989an, Endaika arraun taldea sortu zuen, arraunlariak formatuz kirol honen eta itsasoaren ondarea babesteko asmoz. Hondarribian lortutako traineru zahar batekin hasi ziren lehenik, zaletasun gisa, ondotik gazte ugari erakarriz eta lehiaketa mailetan integratuz.
Bere “erronka pertsonala” zuen 70 urteko battela bat berritzea, baita Hendaian zen bertze ontzi bat berreskuratzea ere. Historian zehar izandako eta desagertutako itsasontzi mota ezberdinak ezagutaraztea zuen helburuetako bat, eta horretarako Branka elkartean ibili zen, Bidasoa eskualdeko batel zaharrak berreskuratu eta arrantza eta itsas tresnak bildu nahian. Itsasturiak erakusketa antolatu zuen, eta hainbat hitzaldi eman ere.
Ildo beretik, 2006an Apaizac Obeto espedizioan parte hartu zuen, Albaola elkarteak sustaturik. Beothuk izeneko euskal balea txaluparen erreplikarekin, 1000 itsas milia baina gehiago egin zituzten sei euskal herritarrek eta mik’maq batek, Quebecen hasi eta Kanadako Red Bayraino, San Juan baleontzia hondoratu zen badiaraino. Etxarrik ontziaren berreskurapenean ekarpen handia egin zuen.
Izan ere, azken urteetan Hendaiako historia eta itsas ondarea berreskuratze lanetan aritu izan da. Apaizac Obeto ekimenean eta dokumentalean parte hartu zuen, eta Hendaian Branka elkartea sortu zuen ere, Endaika elkartearekin batera, Bidasoa eskualdeko batel zaharrak berreskuratu eta arrantza eta itsas tresnak bildu nahian. Itsasturiak erakusketa antolatu zuen, eta hainbat hitzaldi eman ere.
Antxeta Irratiko laguntzaile ohia, Hasier Etxeberria idazle eta kazetaria zenarekin batera irratsaio bat egin zuen urte askotan.
Azken urteetan Hendaiako txoko bereziak eta historiaren berri emateko bisitak antolatu izan ditu Andoni Etxarrik. Joan den uztailean Hendaiako Turismo bulegoak herri erdian inauguratu zuen Oroitzapenen Hiria interpretazio gunea Etxarriren lanari esker sortu zen, bertzeak bertze. Eskertza beroa egin zion Kotte Ezenarro auzapezak bertan, eta hamarkadatan Hendaiako historia eta ondarea bildu eta zabaltzeko egindako lana betikotua gelditu da bertan.
2013ko urrian “Hurbiletik” elkarrizketa emankizunean luze-zabal aritu zen bere bizipenez solasean Antxeta Irratian Koldo Nausiarekin, orri buruan entzun daiteke elkarrizketa osoa. Irratiko laguntzailea, gure mikrofonoetako ohiko ahotsa zen Andoni Etxarri. 2024ko irailaren 17an zendu zen, 81 urterekin.