Hendaiari eta Hendaiako bazterrei loturikoak dira Aurelia Arkotxaren idatzi gehienak. 1953an Baigorrin sortua, 1964an Hendaiara bizitzera etorri zen familiarekin, aitaren lana zela-eta. Geltokiko auzoan plantatu ziren, hastapenean bederen “giro frantsesa” zuen auzoan. Haatik, azkar atzemanen zituen bere gogoko txokoak eta jarduerak Hendaian Arkotxak, Bidasoari eta itsasoari lotuak bereziki.
Txoko horiek dira, urteetan zehar deskubritu eta berriz deskubritu dituenekin batera, irailaren 18an Akelarre elkarteak antolaturiko irakurraldian entzun direnak. Jean Pierre Artola Akelarreko lehendakaria irakurraldian bere testuak leitzeko proposamenarekin joan zitzaionean, harritua eta ohoratua sentitu zela azaldu du, eta berezia ere badela: “Batek idazten duelarik bere xokoan idazten du, hemen ikusten da plazaratua, jendeak bereganatua, eta plazer egiten du”.
Laurogei bat herritarrek irakurri dituzte, txandaka, Arkotxaren idatziak, Akelarreren 50. urteurrenaren kari. Sinbolika berezia duen hitzordua, idazlea euskara irakasle izan baitzen elkartearen lehen urteetan, gau eskolak antolatzen zituztenean. “Euskara batua irakasle”, zehaztu du, hastapenetik honen aldeko hautu garbia egin zuela zehaztuz, estandarrari buruzko eztabaida bizia zen garaian.
Hain zuzen ere, 70. eta 80. hamarkada horietan Hendaiara iritsi ziren errefuxiatu eta iheslariek herriko euskal giroari egin zioten ekarpena ere azpimarratu du Aurelia Arkotxak. Garai hartan, “iraultza” horren akuilupean sortu ziren AEK, ikastola eta hainbat euskal elkarte; egun arnasguneak izatearen arduradunak.
Idazte aldera, “paseatzea, galtzea, kurritzea” maite duela aipatu digu, “oinez ibiltzearen garrantzia” gailenduz. Hala, 2010 eta 2014 artean Berria egunkarian astean behin argitaratu zituen kronika poetikoetan edo 2008ko urtarrilean Euskaltzain oso izendatu zutenean egin zuen sarrera hitzaldian, “Bazterrez” izendatuan, Hendaiako karrika, txoko eta ur bazterrei buruzko hamaika xehetasun irakur daitezke.
Orri buruan entzungai den elkarrizketan luze-zabal aritu da Aurelia Arkotxa Antxeta Irratiarekin, haurtzarotik gaur egun arte Hendaiak izan duen bilakaeraz, euskararen egoeraz, eta nola ez, bere lanaz.
Bost urteren ondotik, irakurraldia
80 herritar inguruk parte hartu zuten atzo arratsaldean, hiru ordu baina gehiagoz Akelarre elkartearen hamaikagarren irakurraldian. Bost urtez ospatu gabe izan ondotik, elkartearen 50. Urteurrenaren kari berreskuratu dute usadioa.
Hasi aitzin, Jean Pierre Artola Akelarreko lehendakariak Andoni Etxarri hilberria gogoan izan zuen, Akelarreren sorreran parte hartu baitzuen, baita hainbat irakurralditan ere. Etxarriren argazki bat kokatu zuten irakurleak hartzen zituen mahaian.
Ohi bezala, Kotte Ezenarro auzapezak ireki zuen irakurraldia, Michèlle Mounios kultura hautetsiarekin batera, 80 parte hartzaileen artean, 45 hendaiarrak zirelarik.
Arratseko 19:00tan borobildu zen irakurraldia Hendaiako mediatekan, Akelarreren urteurreneko ekitaldietan mugarri bat gehiago markatuz. Hurrengo hitzordua, azaroaren 23an, urteurreneko ospakizun nagusiarentzat.