2021 eta 2022 artean, lehen aurrekontu parte-hartzaileak antolatu zituen Hendaiako Herriko Etxeak. Hamar proiektu izan ziren azkenean hautatuak, eta horietatik bederatzi jadanik bukatuak baziren, azkena aurkeztu berri dute, “Béton Art Piéton” edo “Oinezkoen betoi artea”. Ganix Grabières hiritartasun hautetsiak proiektuaren funtsa azaltzen du: “Zebrabideak arte lan bilakatu, dekorazioa, imaginazioa eta kolore nahasketak erabiliz, herrira kolorea eramateko”.
Hala, Hendaiako Herriko Etxeko gazteria zerbitzua, zerbitzu teknikoak, kultura saila eta hezkuntza zerbitzua mobilizatuak izan dira proiektu honen lanketan. Orotara, zebrabideen inguruan eman dituzten figura horiek sortzeko, 18 haur eta gazte Hendaiarren argazkiak erabili dituzte, aisialdi zentroetan eginak. Hala, herriko zazpi ikastetxeren inguruko zebrabideak apaindu dituzte, orotara 57 figurarekin.
Hendaiari hertsiki lotua den proiektua izan arren, Europatik etorritako Zerbitzu Hiritarreko bolondresek proposatu zutela azaldu du Ganix Grabièresek. Izan ere, Polonia eta Greziatik etorritako Kamil eta Marina gazteek proposatu zuten proiektua. Haiena bezalako beste 64 proposamen jaso zituen Herriko Etxeak, horiek teknikoki, juridikoki eta finantza aldetik aztertu zituzten ondotik, eta egingarriak ziren 25ak bozka bidez hautatu zituzten herritarrek. Azkenik, 10 proiektu atxiki zituzten.
Lehen aurrekondu parte hartzaileen ondorioa da proiektu hau, bertze 9 proiekturekin batera. Bertzeak bertze, azken hilabeteetan martxan eman dira hondartzan urak ekarritako zikinkeria biltzeko ontziak, kirol portuan ura autonomoki garbitzen duen robota, konposta biltzeko edukiontziak edo etxean soberan diren produktuak dohaintzan emateko txabola.
Beton Art Pieton proiektu honen gauzatzearekin, lehen aitzinkondu parte-hartzaileen zikloa itxi dute. Azken honek, 8.400 euroko kostua izan du.