Azaroaren 23an Su Ta Gar, mende erdi ospatu eta Hendaia euskalduna eraikitzen jo ta ke jarraitzeko

Koldo Nausia 2024ko ira. 30a, 12:38

Akelarre elkarteak urte osoan zehar euskal kultur jarduerak biderkatu ondoren, azaroaren 23an euskal dantza ikusgarriarekin hasiko du bere 50. urtemuga borobiltzeko jaia, goizean Beltzenian. Eta Gaztelu aretoan borobilduko dute 18:00etatik aurrera, Elektrobuiaka, Rukula, Su Ta Gar eta DJBullen emanaldiekin. 1974. urtean sortutako euskal kultur elkartea «harrotasunez» bizi du bere urtemuga, Hendaiako herriari egindako ekarpenarekin pozik.

Hendaiako Akelarre elkarteak 50 urte betetzen ditu aurten. Urtarrilan hasi ziren Bixintxo bestetan urtemuga gizarteratuz, eta urtean zehar hilero hitzordu bana antolatu dute, ohiko ekimenak izan zein apartekoak antolatuz. Azkena, joan den irailaren 18an bost urtez antolatu gabe egon ondotik, Aurelia Arkotxa protagonista izan zuen Irakurraldi Publikoa izan da. Baina apirilean Iparraldeko Dantzari Eguna Hendaian antolatu zuten Iparraldeko Dantzarien Biltzarrarekin (IDB) kidetua dagoen elkarteko dantza taldeak,. Eta Udaberriko Besta kari Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen azken ikusgarria ere antolatu zuten, urtero bezala, oraingoan "Ez gara jaitsiko!" lelopean. 

Izan ere, euskal pailazorik ospetsuenak bezala, Akelarre elkartea ez da bere helburuetatik jaitsi, 1974. urteko azaroan sortu zenetik. Bere jarduera guztietan euskara erabiliz eta defendatuz, Hendaiako euskal kultura garatzeko engaiamendua harturik, elkarteko bigarren ardatz nagusia euskal dantza bada, gaur egun 100 bazkide inguru mantentzen ditu «harrotasunez». Inko Manterolak, Akelarre elkarteko kideak azpimarratzen duenez, gauzak asko aldatu dira Hendaian 50 urteotan. «Garai haietan Hendaian euskalduna behatzarekin seinalatua zegoen, eta zegoen ondo ikusia. Eta herria euskalduntzen bost hamarkada eman eta gero, euskarak eta euskaldunok gure lekua hartu dugu herrian», dio Manterolak. 

Horiek hala, mende erdi ospatzeko, 50 urteotan egin bezala, kultur jarduera andana bat antolatu eta gero, azaroaren 23an urtebetetzea ospatu nahi dute «denentzako ez ezik, bereziki elkarteko kide eta hurbilekoek goza dezaten». Horretarako egun osoko jai eguna prestatu dute. Goizeko 11:30ean dantza ikusgarriarekin hasiko dute eguna Beltzeniako Daniel Ugarte pilotalekuan, urririk. Ondoren, 14:00etan Jeiki Hadi taldeak animaturiko bazkari herrikoia egingo dute, eta 18:00etatik aurrera besta Gaztelu aretora eramango dute kontzertu gaualdi batekin. Akelarre elkarteak iragarri duenez, lehengo eta oraingo euskal musika eta estiloen adierazgarri den kartela osatu nahi izan dute. Elektrobuiaka, Rukula, Su Ta Gar eta DJBull ariko dira. 

Bazkarirako txartelak aitzinetik eskura daitezke dagoeneko www.akelarre.eus