Garabia handi bat, betoinezko egitura batzuk eta metalezko hobi batzuk: itxura hori du gaur-gaurkoz Irandatzeko igerileku berria izanen denak. Lanen lehen harria jarri zuten asteartean Hendaiako Herriko Etxeak, Euskal Hirigune Elkargoak eta Pirinio Atlantikoetako departamenduak, joan den urte bukaeran 70. hamarkadan eraikia izan zen igerileku zaharra eraitsi ondotik.
10 milioi euro pasako kostua du proiektuak: laurdena Hirigune Elkargoak diruztatuko du, milioi bat Departamenduak, eta 200.000 euro Europar Batasunak. Gainerateko sei miloi euro pasa, Hendaiako Herriko Etxeak bere gain hartu ditu, herriarentzat ezinbesteko azpiegitura den heinean. Kotte Ezenarro auzapezak azaldu duenez, 1973an lehen igerilekua sortu eta segidan agertu zen Hendaian Igeriketa Kluba, eta geroztik ehunka herritarrek, banaka edo taldean erabili dute gunea kirolean aritzeko eta osasuna zaintzeko.
Igerileku berriak sei pasabide izanen ditu, zaharrak baina lau gehiago, 25 metroko luzeran. Bertzalde, 125 metro karratuko ikasketa eta jarduera putzu bat ere izanen du. Norbanakoen, kirol taldeen eta eskoletako ikasleen beharrak asebeteko dituela azaldu dute aurkezpenean, irisgarritasuna ere bermatuz. Igerilekuko putzuaz gain, goiko solairuan bulegoak ere izanen ditu, eta inguruan berdegune handi bat, baita oinez segurtasunez ibiltzeko eremua ere.
Hain zuzen ere, pizinaren erabiltzaile talde handienetakoa eskoletako ikasleak baitira, lanek irauten duten artean, hondartzan eta Azurevaren eremuetan ari dira igerian ikasten Hendaiar gazteak Kotte Ezenarrok azaldu duenez. Donibane Lohizuneko eta Azkaineko Herriko Etxeekin ere akordioak erdietsi dituzte, igerilekuen erabilera partekatu ahal izateko.
Eraikin berriak beirazko sabaia izanen du, eta teilatuan solarium bat, baita eguzki panelak ere. Bizikletentzako aparkaleku estalia, autoentzako 30 plaza eta ondoan eraikiko duten galdara handiaren beroa ere jasoko du Irandatzeko igerileku berriak. Lehen harria urriaren lehenean eman badute, lehen bainua 2025 urte bukaeran hartzen ahalko dugu bertan.