Martxoan, Korrika Irundik Hendaiara Santiago zubitik iragan zenean 36 migranteri muga pasatzen lagundu izateagatik abiatu du ikerketa OLTIM migratzaileen legez kanpoko trafikoaren aurkako borroka bulegoak. Sei orduz atxilotuak izan dituzte gaur zazpi herritar, eta hauek deklaratzeari uko egin diote. Azkenean, arratsaldean askatu dituzte, 2025eko urtarrilaren 28an epaiketara deiturik.
Ekimen hura 18 kolektibok aldarrikatu zuten, 36 migratzaile horiek helmugara segurtasunez iritsi zirela bermatu ondotik. Kolektibo horietako kideak dira gaur deklaratu duten zazpi herritarrak.
Martxoaren 14an Santiago zubia Korrikaren baitan gurutzatu ondotik, Baionaraino lagundu zieten autoetan kolektiboko kideek 36 etorkinei. Bertan, jatekoa eman ondotik, bakoitzak bere helmugarako bidea jarraitu zuen. Etorkinen aldeko eragileen aspaldiko eskaera da hegotik ipar euskal herrira pasabide segurua plantan ematea, eta sinbolikoki eta arratsalde batez izan bazen ere, horixe egin zuten Korrikaren hegalpean.
Mobilizazio jendetsua
OLTIM agentziak, migratzaileen legez kanpoko trafikoaren aurkako borroka bulegoak deitu ditu deklaratzera, eta goizeko 9:00tan beren burua komisaldegian aurkeztu duten momentuan atxilotu ditu poliziak. Minutu batzuk lehenago, Eñaut Aramendik hitza hartu du zazpien izenean. Hurbildutako guztien babesa eskertu du, eta barnean zer gertatuko zen ez zekitela azaldu du. Atxiloaldian sartuz gero, beste mobilizazioetara ere batzeko deia luzatu du. Hain zuzen ere, 18:30ean eginen dute protesta, artean askatzen ez badituzte.
Oihana Galardi Irungo Harrera Sareko kideak gogor salatu du gaurko deklaratzeko deia eta atxiloaldia. Migratzaileekiko elkartasuna “delitua ez dela” argi utzi du, eta laguntza lan horretan ari direnekiko “mehatxuak” eta “errepresioa” gaitzetsi ditu.
Protestan izan diren herritarren artean, ordezkari politiko andana ere bazen, EHBilduko legebiltzarkide Eraitz Saez de Egilaz eta EH Baiko Kontseilari Departamentala den Iker Elizalde. “Miseriatik ihesean” ari diren herritarren eskubideak errespetatzeko deia egin du, baita horien laguntzan ari diren herritarrena ere. Euskal Herria Harrera Herria dela berretsiz, haien askatasuna galdegin du honek ere.
LAB Sindikatutik ere, Endika Perez Ekintza Sozialeko idazkariak sindikatu abertzaleko kide diren Argitxu Dufau eta Eñaut Aramendirekin elkartasuna adierazi du. Haiena “sindikalismo antiarrazista” den heinean, langile arrazializatuekiko elkartasuna haien eguneroko jardunean sartzen dela berretsi du, eta Ipar Euskal Herriko bi arduradunen egunerokoa dinamika horretan kokatzen dela.
Bi sindikalistez gain, atxiloturiko beste bostak ere Bidasoaldeko edo Lapurdiko militante ezagunak dira. Ilazki Ortego migranteen eskubideetan espezializaturiko abokatu hendaiarra ere haiekin batera sartu da komisaldegira. Arratsalderako askatzen ez badituzte, 18:30ean berriz ere mobilizatuko dira.