“Ondasunen andeatzeen eta lapurreten emendatzearen aitzinean, bertze erabakien artean gure udal polizia armatzea erabaki dut”: hala justifikatu du Ezenarrok heldu den urteko lehen egunean indarrean sartuko den erabakia. Delituen gorakada aipatu badu, neholako daturik ez du zabaldu Herriko Etxeak, eta hain zuzen ere, “gaur egun herrian behar bezalako segurtasuna” dagoela gehitu du, “Hendaia Chicago ez dela” azpimarratuz.
Ohar bidez Herriko Etxeak azaldu duenez, udaltzainak usu lehen agenteak dira interbentzio lekuetara iristen, frantziar poliziako agenteak baino lehen, eta beraz egoera delikatu horien aitzinean udal agenteak “behar bezala babestu” beharra dagoela uste du auzapezak.
2017an sortu zen Hendaiako udal polizia, lehenago Bide Segurtasuneko Agenteak bertzerik ez zirelarik herrian, frantziar poliziaz gain. Indarra bi agenterekin sortu zen, eta egun zortzi dira; paraleloki, frantziar poliziaren Hendaiako Hurbiltasun Brigada desagertu zen, baita duela bi urte berriz sortu ere. Egun, Errepublika plazako Herriko Etxe zaharrean dituzte bulegoak bi indarrek, eta udal agenteak gehiago dira Barne Ministeritzarenak baino.
Hain zuzen ere, hori deitoratu du Hendaia Biltzen udal talde abertzaleak: berariaz gobernuarena den segurtasun ardura Herriko Etxeen, eta funtsean auzapezen esku uztea. Izan ere, frantses legediaren arabera, auzapezak OPJ -Officier de Police Judiciaire, Polizia Judizialeko Ofizial- dira, eta beraz polizia botere batzuk badituzte. Udal polizia sortzeko erabakia hartuz gero, auzapezak botere horri uko egiten dio, kontrataturiko agente horiei emanez eskumena; horixe egin zuen Ezenarrok 2017an. Abertzaleek, hortaz, estatuaren desengaiamendua dute salatzen, horren konpentsazioa Herriko Etxeen esku utziz. Haien iritziz, Ezenarrok ez luke dinamika horretan sartu behar.
Auzapezaren iritziz, “gizartea sokorri zerbitzuen aurka gero eta bortitzagoa” da, eta horrekiko babestu nahi ditu agenteak. Herriak “hurbiltasuneko eta prebentzioko” polizia bat plantan emateko erabakia hartua duela berretsi du, eta armen erabilera behar bezala erregulatua eta “ezohikoa” izanen dela ere seurtatu du. Hain zuzen ere, agenteek legez urtean bi formakuntza jarraitu behar badituzte, hiru saio izanen dituzte hendaiarrek, eta arma “defentsa zilegiaren” kasuan baizik ezingo dute erabili. Erabilera oro erregistro bidez erregulatua izanen da.
Azkenik, auzapezak erabakia defendatzeko Lapurdiko kostaldeko bertze herri guztiek udal polizia agenteak jadanik armatuak dituztela ere argudiatu du. Urruñan, Odile De Coral auzapez ohiak agenteei armak eman bazizkien, haietako batzuek erabilerari uko egin zioten, herritarrekiko hurbiltasuna trabatzen zutelakoan. Antzeko eztabaidak dituzte ere Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat herritan ere. Momentuz baina, heldu den urtarrilaren lehenetik landa, babesteko -eta tirokatzeko- tresna izanen dute gerrian Hendaiako zortzi udaltzainek.