Etxegabeen errealitatea ez zaigu arrotza eskualdean. Joan den astean egin zuten Irunen eta Hondarribian, Eusko Jaurlaritzak bi urtean behin bultzatzen duen kale egoeran edo kale gorrian diren pertsonen zenbaketa. Irunen kalean bizi diren 25 lagun zenbatu zituzten (22 gizon eta 3 emakume), eta Hondarribian pertsona bakarra topatu zuten kotxe batean lotan. Hendaian ere, halako zenbaketak egin ohi dituzte. Joan den urtean 30 lagun zenbatu zituzten, baina Hendaiako Gizarte Ekintzarako Udal Zerbitzuko zuzendari Txomin Elizondok argitu duenez, hauek Hendaian finkatuak daudenak dira. «Hauek identifikatuak ditugu eta finkoak dira, baina mugako herria gara eta beste hainbeste dira urtean zehar Irundik edo inguruko herrietatik Hendaiara pasa ohi direnak ere», argitzen du.
Horren irudiko, bolondresek osatzen duten Txoko elkarteak eskaintzen duen baliabideak egunero 40-50 lagun inguru jaso ohi ditu egunero neguan. «Txoko elkartea eragile inportantea da guretzat, goizetan idekitzen dute kafe bat eskainiz edota dutxa bero bat hartzeko aukera emanez», kondatzen du, «eta konturatu dira emendatze bat badela beraien aktibitatean, eta haien ustez Irungo eragina da hori».
Kopuruak aintzat hartuta, Etxegabeentzako Ekintza Plan Indartuaren barruan, Hendaiako herriko etxea aterbetze dispositiboa antolatzen ari da neguko sasoiari begira. “Hotz Plana” edo Neguko Dispositiboa abenduaren 1ean hasi eta martxoaren 31ra arte zabalduko da. Baliabide hau koordinatzeko Hendaiako Gizarte Ekintzarako Udal Zerbitzua ez ezik, Gurutze Gorria, Txoko elkartea eta Atherbea egiturak elkarlanean ari direla esplikatu digu Elizondok. Intzura auzoko industriagunean, adibidez, Gurutze Gorriaren ondoan kokatua dagoen aterbetze dispositiboan orain arte 12 ohe eskeintzen zituzten, 8 gizonentzako eta 4 emakumeei zuzenduak. Baina zenbait hobekuntza egiten ari dira, bereziki, gaua pasatzeko baldintzak duinagoak eta konfortableagoak izan daitezen.
Bestalde, Hendaiako errealitate sozio-ekonomikoaren beharrei erantzun nahian, aterpetxea udan ere irekitzeko ideia lantzen ari direla aipatu digu Txomin Elizondok. Kasu honetan, bestelako egoera bati konponbide bat bilatzeko. Izan ere, udako kanpaina turistikoaren baitan Hendaiara lanera etortzen diren sasoilariei lo egiteko leku bat segurtatzeko helburua dute. Zailtasun handiak topatzen dituztelako, prezio egokietan ohe duin lortzeko.
OHARRA: Bizitegi bazterketa larrian diren pertsonak laguntzeko / suhiltzaileekin edo SAMUrekin harremanetan jarri telefono zenbaki honetara deituz: 15
Pertsonak aterbetze bat behar badu: deitu 115 telefono zenbakira edo Hendaiako GEUZra 8:00etatik 17:30era (Telefonoa: +33 (0)5 59 48 23 10)