"Tentsiogune" izendaturik, Hendaian alokairuak mugatu ahalko dituzte azaroaren 25etik goiti

Koldo Nausia 2024ko urr. 30a, 13:48

Tentsiogune gisa izendatu dituzten Lapurdiko 24 herrietako bat da Hendaia. Pandemiaz geroztik etxebizitzen prezioaren eskaladaren aurrean, alokairuen prezioak mugatzea ahalbidetuko du. Baina Hendaian arazoa sakonagoa delakoan dago Hendaia Biltzen udal taldea. Hendaiarren %70 inguruk betetzen baititu etxebizitza soziala eskuratzeko baldintzak, eta egoera arintzeko neurri gehiago beharko direla aldarrikatzen du Laetitia Navarronek. 

Irun Etxebizitza Gune Tenkatua izendatzeko eskaera egin badu ere, ez da gure eskualdean tentsionatutako lehendabiziko herria izango. Azaroaren 25ean sartuko baita indarrean alokairuen prezioak mugatzeko neurri berria Lapurdiko 24 herritan. Haien artean Hendaia.

Kasu honetan, herriko etxeak ez die goragoko erakundeei Tentsiopeko izendapen eskaerarik luzatu behar izan. Paris edo Lyon bezalako hirietan froga pilotoak egin ondotik, frantses gobernuak hartu baitu erabakia. Haien artean, turistifikatuenen artean aurkitzen diren Lapurdiko herrietan aplikatuz. Alda kolektiboak aintzinamendu handia dela adierazi du, baina momentuz esperimentazio bat gisa aplikatuko bada, neurriak ukan dezakeen eraginaren bilana egiteko bi urte itxaron beharko direla aurreratu du Xebax Christy, Aldako bozeramaleak.

Hendaiaren kasuan, etxebizitzaren salmenta prezioa %38a garestitu da 2020az geroztik. Eta herriko etxeak urtero isun bat ordaindu beharretan dago, SRU legeak markatzen duen bizitoki sozial minimora ez delako heltzen, herriko etxebizitzen %20a beharko lukeen bitartean %12an da gaur egun. Hendaiako bizitokien argazkia bestelakoa da, etxebizitzen %60a baizik ez da urte osorako lehen etxebizitza, %35a bigarren etxebizitza da, eta gainerako %5a inguru hutsa aurkitzen da.  

Zentzu honetan, gune tentsionatu izendatzeak dakartzan neurriak ongi etorriak direla nabarmendu du Hendaia Biltzen udal taldeak. Baina Laetitia Navarron bozeramaleak argi du, «nekez» irauli ahal izango dutela Hendaian, «hamarkada luzetan eragindako arazoa». Gogoan hartu behar da, hendaiarren %70 inguruk betetzen dituela gaur egun, axelem edo alokairu sozial bat eskuratzeko baldintzak. Baina arazoaren tamaina eta merkatuaren prezioak ikusita, «etxebizitza soziala edonoren beharra bilakatu da, soziala baino, etxebizitza eskuragarria gisa izendatu dugu dagoeneko», ohartarazi du Navarronek.

Irunen, Cristina Laborda alkateak «Donostia efektuaren biktima» direla argudiatu du, gaur egungo egoera jusitifikatzeko. Bertan azken 5 urtetan %18,5 garestitu da alokairu pribatua. Hendaian, aldiz, efektu bikoitza pairatzen dutelakoan dago Hendaia Biltzen. Irundik edo Hegoaldetik iritsitako «migrazio inmobiliarioa» ez ezik, pandemiaz geroztik Lapurdiko kostalde osoan sortu den Frantziako estatuko «bigarren etxebizitza gosearen» fenomenoak dagoeneko zaila zen egoera okertu egin du.