Moleres: herrian eraiki gabeko azken berdegunea babesteko galdegin du Hendaia Biltzenek

Koldo Nausia 2024ko aza. 6a, 10:12

Lizardi eta Dongoxenia artean dagoen 40.000 metro koadroko Moleres eremuaren etorkizunarekin arranguraturik azaldu da Hendaia Biltzen. 2020ko hauteskunde kanpainan Kotte Ezenarro auzapezak PLUaren 3. aldaketa sinplifikatu baten alde azaldu zen eremu hau laborantxarako lurretan kalifikatzeko. Baina bertan etxeak egiteko proiektua bada orain.

«Pertsona gutxi batzuk erabakitzen dute hendaiarrei eta beste hautetsiei entzun gabe, eta lurra mugatua da, ez dira etxeak bezala, lur eremuak ezin dira eraiki edo sortu», kexu da Laetitia Navarron, talde abertzaleko bozeramalea. Hortaz, Moleres babestu beharra dagoelakoan, honi buruz galdetu zion auzapezari iraileko Herriko Kontseiluan. Baina ez da erantzun garbirik. Eta Ezenarrok duela lau urte «hartutako engaiamenduari uko» egin diola dio ordezkari abertzaleak.

Zentzu honetan, «koherentzia» galdegiten du Hendaia Biltzenek. Izan ere, Hendaiako azaleraren %90a  «betonizatua edo artifizializatua» izan dela oroitarazten dute, «Hendaia airetik ikusi besterik ez da egin behar ohartzeko ez dela berdegunerik apenas geratzen», dio Navarronek. Planoak begiratuz gero, garai batean Antton Abadiaren jabetzak izanik, honek kontserbatorio natural gisa herriari utzi zizkion lurrak kontuan hartzen ez baditugu, gaur egun Legarraldeko lurrez haratago, Moleres izeneko gune hau baita geratzen den eraiki gabeko berdegune bakarrenetarikoa herrian.

2022ko irailan lurraldearen biziberritze operazioa deituriko perimetro bat hiri erdiguneko eta tren geltokiko eremuan onartu zuen Hendaiak. Eta Moleres laborantxara bideratzeko aukera indartzen zuen horrek. Baina orain gibelerat egin du herriko etxeak.

Hendaiak bizi duen etxebizitza krisiari aterabide bat emateko beste aukera batzuk daudela uste du Hendaia Biltzenek. Herriko bizitokien %5a hutsa dagoela aintzat hartuta, eta «etxe handi asko dagoela berritzeko eta bertan hiruzpalau bizitoki egokitu daitezkeenak».