Udal politiketan, frantses estatu mailan bezala, indarkeria matxista biolentzia domestikoen kategorian sailkatzen bada ere, eta Bagera elkarteak salatu izan duen bezala, feminizidioaren figura juridikorik ez dagoela kontuan hartuta, «indarkeria sexista horiek giza eskubideen urratze nabarmena dira eta emakumezkoen aurkako bereizkeria sistemikoek, hala legeetan nola egunerokoan, elikatzen dituzte» aitortu du Hendaiako herriko etxeak ohar baten bidez.
Horren harira, Hendaiako herriak eta Segurtasunerako eta Delinkuentziaren Prebentziorako Tokiko Kontseiluaren (SDPTK-CLSPD) partaideek hainbat hitzordu proposatzen dituzte azaroaren 19tik 27ra. Herritarrak emazteek eta neskatoek jasaten dituzten indarkeria fisiko, sexuzko eta psikologikoetaz ohartarazteko xedea duen programa prestatu dute. Eztabaidak, formakuntzak, ikuskizunak, ohartarazte kanpainak eta bestelako jarduerak izanen dira, eta horietako bakoitzak ororendako mundu seguruago eta justuagoa eraikitzen lagunduko duelakoan daude antolatzaileak.
Batetik, gaiari lotutako materiala eskuragarri jarri dute Mediatekan azaroaren 19tik 27ra. Eta bortizkeriaren prebentzioaren inguruko formakuntzak emango dituzte herriko ikastetxeetan, Lehen Mailako 4. eta 5. urteko ikasleentzat. Hau abenduaren 17ra arte luzatuko da. Era berean, eskolartekoentzat Nanoua konpainiaren “Confession d’une femme hachée” ikuskizuna eskainiko dute azaroaren 20ean Borderline Fabrikan, Bagera elkarteak proposatuta. Eta gogoeta herritar ororengan sustatu nahian, "Anora" Zine-Eztabaida antolatu dute Varietes zinegelan, azaroaren 20an eta 25ean 18:30ean, bikote eta familientzako aholkulariek animaturik. Bagera elkarteak antolaturik ere, azaroaren 30ean "Nire nia dantzatzen dut" koreografia ikusgarri eta formakuntza eskainiko du Joana Milletek Denentzat Sozial Zentroan.
Bestelako ekintza praktikoagoak ere burutuko dituzte. Judo eta defentsa pertsonalerako ikastaroak batetik, edota kanpaina informatibo orokorra, herriko okindegietan "Ogi-Poltsak" operazioarekin mezuak zabalduz. Baita herrio leku publiko anitzetan "biolentometroa" delako indarkeriaren neurgailu totem berriak ezarriz. Herriko Etxearen atarian, zineman, mediatekan, Mendi Zolan kulturgunean, Gaztelu aretoan, Denentzat Sozial Zentroan, Turismo Bulegoan, Irandatz, San Bixente kolegioetan eta herriko eskoletan, besteak beste.
Gogoan hartu, bestalde, Bagera elkarteak azaroaren 25ean M8 Bidasoko Asanblada Feministaren kide den heinean, Hendaiako tren geltoki aitzinean 16:45ean antolatu duen performance aldarrikatzailea babestuko du herriko etxeak.