Orio auzoan 86 etxebizitza sozial eraikitzen hasi dira

Aimar Lopez 2024ko aza. 27a, 08:29

Itsas Talaia eta Orioko Etxeak promozioetan etxebizitza publiko eskuragarri andana altxako dituzte, alokairuan zein jabegoa eskuratzeko moduan. Hendaiako egoera tenkatuan aitzinapausoa bai, baina beharra asetzeko behar diren mila bizitzetatik urrun.

86 etxebizitza sozial berri izanen dira Hendaian hemendik bi urte inguru, Orio auzoan lehen harria eman berri dieten Itsas Talaia eta Orioko Etxeak promozioetan. Lehena, Itsas Talaia, Sagec promotore pribatuak eta Office 64 egiturak elkarlanean eraikiko dute, 51 bizitza sozial eta 34 pribaturekin. Duela hiru hamarkada arte Candite kanpina hartzen zuen eremuan izanen da auzune berria, Hendaiako azken berdegune handietako batean.

Orioko Etxeak berriz 35 etxebizitza publiko izanen dira, horietarik 21 alokairuan; Sasiko gaztetxea izan zen eremuan eraikiko dituzte, APHP Pariseko erietxeei erositako eremuan. T3 motako etxeak 500 euro baina merkeago eskainiko dituzte bertan alokairuan, 200.000 euro baina guttiagoan salmentan.

Haatik, kontuan hartu behar da 86 etxebizitza berri hauek Hendaian behar diren bizitza sozialen %10 baina guttiago direla. 1000 lagun inguru dira etxebizitza sozial baten esperoan, eta biztanleriaren %70 inguruk betetzen ditu halako bizitza bat eskatzeko baldintzak.

Kotte Ezenarro auzapezaren arabera, aurrerapauso bat da hala ere: "Beranta berreskuratzen dugu, baina ez da aski. 800 hektarea ditu Hendaiak, azalera ttiki horrek hertsapenak ditu. Abadia, aireportua, hondartza ere mugak dira eraikitzerakoan, ezin da nolanahizka eraiki. Bi operazio hauek balio handia dute beraz. Gaur egun, etxebizitza sozialak %17,5 dira Hendaian, %25era iritsi behar genuke".

Itsas Talaia promozioa berdegune batean eraikiko badute, auzoen kexa azkarrekin, Orioko Etxeak hamarkada luzez hutsik egon zen Argi Hastea etxearen orubean altxako dituzte. 1980. hamarkadan herritar batek Itsas Ospitaleari emaitzan utzi zion etxea, bertako langileek edo erien familiek erabil zezaten. Hamarkadatan hutsik izan zen baina etxea, 2016an Hendaitz Gazte Asanbladak okupatu eta Sasiko Gaztetxea sortu arte. 2018an, epailaren aginduz hustu zuten egoitza, eta geroztik Hendaiako Herriko Etxea Pariseko Erietxeekin negoziaketan aritu dira, azkenean EPFL egiturak lurzorua erostea lortuz.

"Etxebizitza hutsak nun diren ez dakigu"

Etxebizitza sozialen behar larria etxe hutsak egokituz bideratzea aukera bat da Kotte Ezenarrorentzat, baina zenbat diren ez dakite. Azaldu duenez, Finantza Publikoen Zuzendaritza Orokorrak 1.000 etxe huts iragarri zizkion Hendaian, auzapezaren ustez, "ezinezkoa". Eta gehitu: "Mila horietatik, zazpiehun edo zortziehun jabe atxeman genituen, gutunak igorri, eta hamarren erantzuna jaso genuen hutsik zirela onartuz. Eta hutsik ez da disponible."

Ezenarroren hitzetan, etxebizitza horiek egoera txarrean dira, eta jabeek konpontzeko funtsik ez dutelako dira egun hutsik. Hala, deia luzatu die hautetsi, instituzio eta herritarrei: "Egin dezagun egoeraren analisi zintzo eta erreala, eta ikusi dezagun ez bakarrik hautetsien artean, denon artean partekatuz baizik. Zenbat etxe huts ditugu? Zergatik daude hutsik? Eta nola berreskuratu ditzakegu?"

Hemendik bi urtera hartuko dituzte jabe eta maizter berriek Orio auzoko etxebizitza sozial berrietako giltzak. Hendaiako Herriko Etxeak 210.000 euro inbertitu ditu, baina bereziki azpimarratzekoa da estatuak, Action Logement dispositiboaren bidez, ezohiko milioi bat laurehun mila euro inbertitu dituela bi proiektuen artean.