Erauzitako ezki zentenarioen ordezko zuhaitzak landatu dituzte Errepublika plazan

Antxeta Irratia 2024ko abe. 11a, 13:13

Errepublika plazako arraberritze lanak bere azken txanpan sartu dira, eta obrak egiteko herriko etxeak erauzi zituen 19 ezki zentenarioak ordezkatzen dituzten 4-6 metro altuerako zuhaitzak landatzen ari dira aste honetan. Kotte Ezenarro auzapezak parte hartu du landaketan, eta jakinarazi duenez, arangurbeak, freeman astigarrak, japoniar soforak, astigar arruntak eta sagarrondoak dira hautatu dituzten zuhaitz espezieak. 

2023ko otsailaz geroztik hainbat mobilizazio eragin zituen Hendaiako Errepublika plazaren ezki zentenarioak erauzteko erabakiak. Izan ere, herriko etxeak plazako 22 ezkietatik hiru gazteenak Dongoxeniara errotik lekuz aldatzea deliberatu bazuen ere, azterketa fitosanitarioak eginik gainerakoak erauztea, moztea erabaki zuen plaza arraberritzeko proiektuaren baitan. Garai haietan ACE eta CADE talde ekologistak, Harri-Xabaleta auzo elkartea, Hendaia Biltzen udal talde politikoa eta Irungo Artiako Lagunak elkarteak ere bat egin zuen zuhaitz hauek salbatu nahian. Eta GNSA Zuhaitzen Defentsarako Frantziako Erakundeko ordezkaria Kotte Ezenarro auzapezarekin bildu zen 2023ko irailan zuhaitz hauen egoera aztergai.

Kolektiboak 2.000 sinadura bildu zituen zuhaitz hauen defentsan. Azkenik 2023ko urrian hasi ziren lehen zuhaitzak kentzen obrak oztopatzen zituztelako, baina zuhaitz berriak landatuko zituztela hitz emanda. ACE elkarteak herriko etxea green washing edo itxurakeria egiten duela leporatu izan dio hainbatetan. Eta ezkiak mantenduz plaza berritu zezaketela defendatu zuten. Izan ere, 1968an bertan zegoen kioskoa kendu eta plaza arraberritze integrala egin zenekoan bezala, zuhaitzak errespetatuz obra egin zezaketela pentsatzen dute ekologistek. Are gehiago jakinik, Ville de DemaineedoBiharko Hiriak ekimenarekin bat egin duen herriko etxea dela.

Azkenik, plaza horren historiaren parte ziren ehun urteko ezki gehienak kendu egin zituzten. Baina aste honetan, Kotte Ezenarro auzapezak hitz eman bezala, zuhaitz berriak landatzeko lanetan ari dira, plazaren zaharberritze lanen azken ikutuak emanik. Hala ere, kolektibo ekologistek oroitarazi dute zuhaitzak ez direla «jarri eta kendu ahal diren hiri-altzariak». Landaketa lanetan auzapezak berak parte hartu du, eta jakinarazi dutenez, oraingo honetan 4-6 metro arteko altuera duten zuhaitzak landatu dituzte, arangurbeak, freeman astigarrak, japoniar soforak, astigar arruntak eta sagarrondoak haien artean.