Pontx pailazoak bere bigarren ikusgarria “Denak Plazara” taularatuko du Hendaiako Antton Abadia aretoan, Zokoburun, abenduaren 14an (16:30ean). Joanes Echeveste saratarra, gazteek Goazen telesailetik "Ibai" bezala dute ezaguna, baina geroz eta txiki gehiagok Pontx pailazo gisa. Hasi berria da ere Pirritx eta Porrotx pailazoekin lanean, Pupu eta Lore pertsonaiarena egiten.
Arropaz aldatu eta makilaje pixka batekin Pontx pailazoa bilakatzen da taulagainean. Eta "Denak plazara" ikusgarri berria bere herrian, Sarako Lurberri aretoan azaroan estreinatu ondotik, Hendaian izango da asteburu honetan.
Antxeta Irratian izan dugu gonbidatu, eta gaztea bada ere, eskarmentua du pailazo bezala. «Beti entzun dut denok dugula barruan pailazo hori, eta hura topatzea dela gakoa, eta nik egia da ttiki-ttikitatik hasi nintzela», dio Echevestek. Izan ere, 12 urte zituela 2016ean aurkeztu zuen Pontx, bere pailazoa. Zenbait emanaldi eskaini arren, pasa den urtean, 2023an "Gelara" ikusgarriarekin «pausu bat gehiago» eman zuela sentitu zuen. Profesionalizatze bideari ekin zion eta oraindik bidea gelditzen zaion arren, lehen ikusgarri horrekin pausu ugari eman zituela sentitzen du. Herri ugaritan aurkeztu zuen ikusgarria, eta «balantze positiboa» egiten duela onartu du. Hain justu, esperientzia baikor hartatik sortu zen bigarren ikusgarri hau sortzeko ideia.
Kasu honetan, datorren larunbatean Hendaiara dakarren "Denak plazara" ikusgarria «berria da zentzu guztietan». Lehen aldiz Pontx beste lagun batekin batera arituko da eszenan, Alazne Etxeberria hartuko du lankide Echevestek, eta ikusgarria moldez aldatuko du horrela. Gainera, izen bereko diska bat kaleratu du ikusgarria estreinatu aitzin. Bertako abesti guztiak berak propio sortu ditu, bakoitza mezu jakin batekin. Diskaren grabaketan Xabi Solano zein Ixtaklok-en parte hartzea ere izan ditu, besteak beste.