Olentzerori kantatuko diote hendaiarrek abenduaren 24an Akelarre elkartearen eskutik

Aitor Errazkin 2024ko abe. 19a, 16:54

Hendaiako Akelarre kultur elkarteak "Olentzero Omenez" 48. ekitaldia antolatu du abenduaren 24ean 19:00etan herriko plazan. Bertan bilduko dira kalez-kale 16:30etik goiti abesten ibiliko diren elkarte eta Hendaiako abesbatza desberdinak. Asun Mikelarena, Akelarre elkarteko kidearekin hitz egin dugu. 

48. aldia izanen da aurtengoa, eta 16:30ean krakada eskainiko du Akelarrek bere egoitzan, ondotik kabalkadan abiatzeko herrian barrena. Gabon kantak kantatzeko hitzordua berriz, 19:00etan Herriko Etxe aitzinean emana dute. Asun Mikelarena Akelarre elkarteko kideak azaldu du duela 48 urte gabonak ospatzeko erlijio kantuak alde batera utzi eta Olentzerori kantatzen hasi zirela. Eta hala jarraitzen dutela egun. Izan ere, denek batera "Bidasoako Olentzero" eta "Hator hator" kantuak abestuko dituzte, eta ondotik talde bakoitzak bere gustuko edo bere uztako kantu bana abestuko du.

Aurten, Akelarre elkarteak 50 urte bete ditu, eta 2024 urte osoan zehar ekimen ugari antolatu dituzte. Abenduak 24ko hitzordu honekin elkartearen urteurrena borobilduko dute.