Hendaiako Herriko Etxeak eta Antxeta Irratiak elkarlanean arte erakusketa ikusgarria antolatu dugu, Euskal Herriko zortzi emazte artisten lanekin. Ostiralean izanen da erakusketaren aurkezpena, Hendaiako Mendi Zolan kulturgunean, eta otsailaren lehenerarte irekia izanen da. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik heldu diren zortzi artisten lanak osatzen dute “Lupa” izeneko erakusketan. Leire Salaberria haur eta gazte literaturan berezitutako ilustratzaile andoaindarra, Larraitz Ugartemendia margolari irundarra, Idoia Beratarbide artista plastiko oiartzuarra, Dolo Marina margolari hendaiarra, Jenni Alvarado margolari bilbotarra, Ainhoa Larzabal margolari ondarrutarra eta Irunen bere Marte izeneko arte laborategia duen Miren Gonzalez margolari tolosarra, eta bere burua «aktibista edo artibista» gisa definitzen duen eta arte desberdinetan aritzen den Irantzu Lekue gasteiztarraren lanak topa daitezke bertan. “Antxetatarrak” taldea osatu dute erakusketa honen antolaketarako.
Izan ere, erakusketa ez da ausaz erabakitako proiektu bat, Antxeta Irratiak abiatutako prozesu zabalago baten emaitza naturala baizik. Aurretik, Iparrorratza saioaren Artearen Txokoan artista bakoitzari egindako elkarrizketetan ezagutu ahal izan baititugu emakume sortzaile hauek, eta orain haien lanaren pilula bat herritarrei aurkezteko aukera «opari eder» bat dela diote artista hauek. Lupa izenaren oinarria ere azaldu digu Idoia Beratarbidek. «Puntu amankomuna gure lanei lupa egite hori da, bakoitza bere aldetikan egiten ari zen horri hurbiltzen gaituen kontzeptua», argitu digu erakusketa Mendi Zolan kulturgunean atontzen ari den bitartean.
Margolanak, koadroak izanen dira erakusketan, baina ez bakarrik. Gelaren erdian, planetak eta unibertsoa irudikatzen dituen instalazio bat atxemanen du ikusleak. Irantzu Lekue gasteiztarrarena da lana. Bana azaldu digunez, ez du astronomiarekin zerikusirik: «elementu eta material desberdinekin egindako artelana da, eta Printzipe Txikiaren eleberriaren esaldien inguruko hausnarketarako proposamen bat da».
Hiru aste baina gehiago luzatuko da Lupa erakusketa Hendaiako Mendi Zolanen. Ostiral honetan (urtarrilak 10) arratseko 19:00etan inauguratuko da Hendaiako Hondartza auzoko kulturgunean. Hemendik beraz, Antxeta Irratiaren izenean gomita luzatua zaizue entzule guztiei.
"Antxetatarrak" artisten azalpen xeheak
Artistek erakusketa kolektibo honetan egiten duten ekarpenaren azalpen bat ere eman digute, kolektiboa izanik ere, «erakusketa bera gure prozesuaren parte bihurtzen baita, bakoitzak gure jatorri indibidualari buruzko zerbait kontatzen dugu, baina prozesu honen bidez esperientzia kolektiboa esperimentatu ahal izateko asmoarekin».
LARRAITZ UGARTEMENDIA. Koloreen xehetasunekin margoaren trazuarekin jolasten du, eta erabiltzen duen teknika olioa da. Basoen zatietan fijatzen da, beraien koloreetan erreparatuz eta sakonduz.
MIREN GONZALEZ. 2017 urtean abiatutako lan honetan irudi berriak eraikitzeko teknika desberdin bat erabili duela dio, «nire aurreko lanaren parte handi bat, zati txikitan deseginez; olioa eta isipuen ordez, goraizeak, iltzeak eta mailua erabiliz».
LEIRE SALABERRIA. Gaia "gertutasuna" duen erakusketa kolektibo honetarako liburu ezberdinetako ilustrazio aukeraketa bat egin du. «Irudi bakoitzean dauden detaileetan parada egitera gonbidatzen dut ikuslea, eszenan azaltzen diren pertsonai bakoitzaren mundura gerturatu eta bere istorio propioa asmatzera animatuz».
JENNI ALVARADO. «Eguneroko momentuetan tarte bat agertu daiteke non lagunak nik sortutako elementuekin mozorratu ahal diren, horrela, pertsonak pertsonaiak bihurtzen dira», dio Alvaradok. «Une horretan gustatzen zait lupa jartzea eta pinturatik abiatuta esperientzia erakustea».
DOLO MARINA. «Begiratzen dudanaren artean, askotan ausaz arreta puntu bat hautatzen dut. Pintatu eta hasten naiz... ideiak... pentsamenduak... koloreak... formak... sinesmenak.... segmentuak… Inguruan dugun guzia azalduta dago», argitu digu.
IDOIA BETARBIDE. Marrazkia, grabatua eta collagea erabiliz momentu ezberdinetan sortutako pieza txikiekin jolastu eta birsortutako lana aurkeztu du. «Nigan dauden uneak gertutik begiratzeko parada».
AINHOA LARZABAL. «Nire bidea une honetan tintaren bidea da. Tintarekin lanero esperimentatzen noa, bapatekotasuna, espero ez dituzun pintzelkadak, tantak, orbanak... Zoriarekin jolasa», kontatu digu. Gaia basoa da,
IRANTZU LEKUE. Materialen eta sinbologiaren bidez esperimentatuz, gaur egun denboraren, bizi-balioen eta sortzen dugun aztarnaren inguruan hausnartzen duela dio Irantzuk. Ikuslearengan pertzepzio espiritual, sentsorial eta sentsitiboa pizteko helburua du bere arte instalazioarekin. “Denbora-aztarna” artelanak, Printze Txikiaren eleberrian sakontzen du utzitako arrastoari buruzko alegoria bat egiteko. Literatura-lanak azpimarratzen dituen 7 balioetara hurbiltzen gaitu, ezinbestekoak diren bizi-balioak azpimarratuz.