Txingudiko badia dragatzeko 10 milioi euroko proiektua martxan jarriko dute Hendaian aurten

Antxeta Irratia 2025ko urt. 9a, 13:37

Hendaiako herriko etxeak 2025eko apiriletik 2027ra maiatzera luzatuko den Txingudi badiaren dragatze planaren berri emateko bilera publikoa antolatu zuen urtarrilaren 7an. Orotara 320.000 m3 mugitzea aurreikusten dute Zokoburuko kirol portua, Floridako kaia eta kanalaren eremuan. Jarraipen zientifikoa egingo dute, eta jasoko dituzten sedimentuak aztertuta, kalitatezko hondarra Hondarraitz hondartza betetzeko aprobetxatuko dute.

Urtarrilaren 7an bilera publikoa egin dute Hendaian, Txingudiko badiako dragatze lanen harira. Lan hauek 2025eko apirilean hasiko dira eta 2027ra arte luzatuko dituzte. Dragatzeko hondeamakinek 2022ko udaberrian hasi behar zuten lanean, baina negoziazio prozesu amaigabe baten ondoren, jarduera ekonomikorako funtsezkoa den Txingudiko badiaren dragatzea eginen da azkenik. Hendaiako herriko etxeak argitu duenez, kronogramaren atzerapena lanen esleipenean hautatu gabeko enpresa batek jarritako kontratu aurreko auzo baten ondorioz eman da. Paueko administrazio-auzitegiak atzera bota zuen salaketa. Baina proiektu handi horren programazioa berrikustera behartua ikusi zen udala. Hala ere, hiru urte geroago, 2025eko apirilean hasiko dira lanak.

Orotara 10 milioi euroko inbestizamendua eskatzen duen proiektua da. Bileran azaldu dutenez, 320.000 m3 erauzteko beharra dago Bidasoa ibaiaren eta badiaren hondoetatik, eta Udalak Pirinio Atlantikoetako departamenduarekin elkarlanean, eta portuko agintaritza emakidadunarekin kogestioan gauzatuko du. 

Dragatze lanen faseak

Joan den asteartean Gaztelu aretoan egindako bilera publikoan, agintariek dragatze lanen aurreikuspenak eta ikuspegi historikoa ere azaldu zituzten. Badiako hondarra kentzeko plan orokorra 1997 urtean hasi baitzen. Baina epe luze batetan halako lanik egin gabe egon ondoan, badiaren hondoan metatutako hondarra eta lohiak zailtasunak eragin zituen Zokoburuko eta Floridako portuetan ez ezik, ibaian itsasbeherarekin normaltasunez nabigatzerako garaian ere.

Hiru gune hauek dragatuko dituzte 2025etik 2027ra udaberrian egingo diren hiru fasetan. 

Aldiz, 2017az geroztik hiru dragatze-eremu ezarri dira proiektuko bazkideek egindako planean. Bidasoako bokaleko uretan lehen zailtasuna Espainiako eta Frantziako lurraldeen arteko demarkazio-lerroa zehaztea izan zen. Horri esker, A gunea trazatu ahal izan zen, Txingudiko badiara sartzeko kanalari dagokionez, Zokoburuko puntan zehar kirol porturaino. Azken hori B Zona bezala identifikatzen da, eta C gunea, berriz, Floridako kaiaren gainean. Lanen helburua, gune horietako bakoitzerako, nabigazio-baldintzak bermatzea eta ziurtatzea da, erabilerak mantentzea eta arrantza-eremu teknikoa zaintzea, baita arrantzontziei lekua ematea ere.

Lanak hainbat fasetan programatu dituzte. 2025eko apiriletik maiatzera, kirol portuan. Bigarrena, 2026ko otsailetik maiatzera, eta 2027ko apiriletik maiatzera azkena, Floridako kaiaren eskuinaldean. Ondoren, hiru gune horiek baldintza egokietan mantentzeko bigarren dragatze plan bat programatuko dutela iragarri dute, 2032ko ekainerako.

Sedimentuen azterketa eta aprobetxamendua

Hendaiako herriko etxeak jakinarazi duenez, Bidasoatik eruaziko diren 320.000 m3 materiala aztertu egingo dute, sedimentuak kutsatuak dauden argitzeko, bereziki kirol-portuaren barruan eta Floridako kaian. Behin egin beharreko azterketak burutu ondoren, hondar eta lohi-sedimentuak kostaldetik 4 kilometro baino gehiagora garraiatuko dituzte txalupetan kargatuak, eta slamming izeneko teknikaren bidez urperatuko dituzte 50-60 metroko sakoneran. 

Aldiz, kanalaren eremutik ateratako kalitate oneko hondarrak, sedimentazio eremu batean kokatuko dituzte hondartzan eta Sokoburu aldean bereziki. Izan ere, azken 10 urteetan Sokoburuko dunen parean eta barraren aldean itsas-korronteek hondartza hustu izan dute, eta herriko etxeak kanpotik ekarritako hondarrekin betetze lanak egin behar izan ditu. Oraingo honetan, aldiz, lan hauei esker bilduko duten hondarra Sabliere eta Grenadiers kaleen artean dagoen hondartza zatian (erdialdera) barreiatuko dute Hendaiako Hondarraitz hondartza pixkat birmoldatzeko aukera aztertzen ari baitira.

Ingurumen inpaktua

Bestalde, urtarrilaren 7an egindako bilkura publikoan zenbait hendaiarrek halako lanek eragin dezaketen ingurumen inpaktuaz arrangura adierazi zuten. Agintariek diotenez, Txingudiko badiakoa bezalako ingurune batean esku hartzea kontu handiz egingo da, bereziki faunan eta floran ahalik eta kalterik txikiena eragiteko.

Horretarako, dragatu beharreko guneen kopurua mugatu egin dute, eta puntu estrategikoetan baizik ez da egingo lan teknika egokiak erabiliz. Udalak oroitarazi du proiektua prefekturaren dekretuak baimentzen duela hamar urtez, eta epe luze horretan urtez-urteko jarraipen zientifikoa egingo dela, uraren kalitatean, itsas hondoan, sedimentuen kutsaduraz eta faunaren gainean ere.