Hendaiako Bixintxo besten baitan, Enbata gaztetxeak programazio berezia antolatu du

Aitor Errazkin 2025ko urt. 14a, 10:00

Hendaiako Bixintxo bestak giro ederrean ospatuko dira aurten ere, eta Enbata gaztetxeak egitarau zabal eta anitza prestatu du. Antolatzaileek hitzaldiak, tailerrak, zine proiekzioa eta eztabaidak, eta, noski, musika gaualdi bat eskainiko dute.

“Bixintxo bestak beti izan dira elkargunerako eta elkarbizitzarako uneak, eta guk ere, gure ekarpena egin nahi izan dugu. Egitarau hau guztiontzat irekitakoa da, eta helburua Hendaiako jendea eta inguruko bisitariak gaztetxearen dinamikara hurbiltzea da”: hala azaldu dute Liher Geledan eta Haritza Aranzabal gaztetxeko kideek aurtengo egitarauaren funtsa.

Bost urte bete zituen udazkenean Enbata gaztetxeak, eta 2020an lehen Bixintxoak bertan ospatu zituztenetik urtero egin dute eskaintzaren bat. Haatik, kontzertuen inguruan izan dira gehienetan bestetako egitarauak. Aurten baina, herri mugimendu ezberdinek lurraren defentsan daramatzaten borrokak lehen lerrora ekarri nahi izan dituzte. Horretarako, Lekarozen Aroztegia, Kanbon Marienia eta Bizkaiko Urdaibain Guggenheimen aurka borrokan ari diren kolektiboak gonbidatu dituzte, ostiral honetan izanen den hitzaldi baterako.

Larunbat honetan boxeo eta pole dance iniziazio tailerrak izanen dituzte bertzalde, gaztetxearen inguruko kide ezberdinek eskainiak. Gaualdia izanen da larunbatean ere, eskualdeko talde eta DJ ugarirekin.

Hitzaldiekin jarraituko dute heldu den asteburuan ere, eta kasu honetan Hendaiako memoriaren transmisioari emanen diote garrantzia. Hala, GALen terrorismoaren garaian Hendaian izandakoen bizipenak izanen dituzte hizpide. "Itsasoaren Alaba" dokumentala ere proiektatuko dute ondotik, gai antzekoaren inguruan.

Antolatzaileen esanetan, jarduera hauen helburua gaztetxea herritarrei hurbiltzea eta hainbat gairen inguruan eztabaida piztea da. “Jende guztiari gonbidapena luzatzen diogu, Bixintxo besta hauetan ere partekatzeko espazioak eraiki ditzagun.”

Hona hemen ekitaldien egitaraua:

Urtarrilak 17, Ostirala

  • Hitzaldiak + Pintxo Potea
    Aroztegia, Marienia eta Guggenheim Urdaibai Stop kolektiboen sustenguz egingo diren hitzaldiekin hasiko da arratsaldea, 19:00etan. Ondoren, pintxo pote goxo batez gozatzeko aukera egongo da.

Urtarrilak 18, Larunbata

  • Goizeko Tailerrak
    Pole dance eta boxeo iniziazio tailerrak antolatuko dira goizean, parte-hartzaile guztiei diziplina hauek gerturatzeko asmoz. Tailer hauetan izena emateko, nahikoa da Enbata gaztetxeko Instagramera idaztea: @enbata_gaztetxea.

  • Gaueko Musika Gaualdia
    21:00etatik aurrera, Kayo Dayo, AS04 eta DJ Stepik girotuko dute gaua, musika estilo desberdinekin.

Urtarrilak 24, Ostirala

  • Hitzaldia eta Zine Eztabaida
    GALen garaiaren inguruko eztabaida bat egingo da, "Itsasoaren Alaba" filmaren proiekzioarekin batera. Ekitaldia 19:00etan hasiko da gaztetxean.

    • "Itsasoaren Alaba" Filmaren Sinopsia
      Haize Goikoetxea Ugartek hogeita sei urte dauzka. Ipar Euskal Herrian jaio zen, errefuxiatu bikote baten bigarren alaba izanik. Bi urte bete gabe zituela, GALek bere aita, Mikel Goikoetxea “Txapela” ETAko militantea, hil zuen. Aitaren heriotza Haizerentzat sendatu gabeko zauri sakona izan da urte guzti hauetan, eta gertaera horrek erabat baldintzatu du bere bizitza.

      Dokumentalak memoriaren berreskurapeneko ariketa bat jasotzen du: Haizek Txapelaren irudi desberdinak ezagutu zituzten pertsonekin topo egiten du, eta guztien kontakizunekin aitaren irudi kontraesankor bezain erreala osatzen du. Bidean, Algeria eta Donibane Lohizune, Txorierriko langileria eta espainiar ministroen kontrako atentatu saiakerak nahasten dira kontakizun berezi eta hunkigarri batean.