“Arkeologia eta Euskal Herriko historia biziki maite” dituen Imanol Amestoyren eta bere lankide Jon Frahieren ekimenez sortu da urtarrilaren 18an ideki berri den erakusketa. Asporotsttipi interpretazio guneko lehen estaian, teilatupearen freskoan, minutu edo oren batzuez arkeologo, indusketari bilakatzeko aukera du norberak, “Arkeologia, denboraren induskatzaileak” jarduerari esker.
Euskal kulturaren, historiaren eta Euskal Herriko ondare naturalaren alde gehienak aski ezagunak badira, historiaren ezinbertzeko lekuko den arkeologia publiko zabalak gutxi ezagutzen du. Hortik abiatu ziren Amestoy eta Frahier, eta Ipar Euskal Herrian bertako arkeologian berezitutako eragilerik ez izanik ere, hainbat aliaturekin egin dute bidea. Frantses estatu mailan indusketetan erreferente den INRAP indusketa arkeologiko prebentiboen institutuarekin eta Biarnoko Lacq Odysée elkartearekin osatu dute erakusketa, biek ala biek arkeologian eta hezkuntza zabalpenean duten eskarmentua baliatuz.
Hego Euskal Herrian azken hamarkadatan Aranzadi zientzia elkarteak egin duen indusketa, ikerketa eta hedapen lana eredugarritzat dute CPIEko bi misio kargudunek, eta Lapurdi, Baxe Nafarroan eta Xiberoan momentuz halakorik ez izatea tamalez bizi dute -Xiberoan eta Baxe Nafarroan berriki hasi dira lanean Aranzadikoak-. Haatik, eskualdean dauden aztarna arkeologikoak agerian emateko lanean aritu dira CPIEn, egun bizi garen herrien jatorria ulertzeko lagungarria baita hauek aztertzea.
Publikoari garrantzia hori azaltzeko, bi espaziotan banaturiko erakusketa ondu dute, martxoaren 22ra arte bisitagarria izanen dena. Sartzerakoan, hainbat erreportai ikusteko aukera du ikusleak, baita liburu eta aldizkari batzuk ikusi eta Euskal Herrian zehar dauden trikuharri eta antzekoen berri jasotzerik ere.
Bigarren espazioan berriz, arkeologiaren oinarri teoriko labur batzuk irakurgai dira panel batzuetan, baita Ipar Euskal Herriko indusketa gune batzuetako xehetasunak ere. Indusketak egiteko erabiltzen diren tresnak ere ikusgai dira, bakoitzaren funtzioaren azalpen labur batekin batera.
Gela erdian berriz, lurrez eta plastikozko figuraz beteriko hainbat kutxak indusketa eremu bat irudikatzen dute. Bertan egiten dituzte haurrekin tailerrak, eta Jon Frahierk azaldu duenez, espero baina interes handiagoa pizten zaie parte hartzaileei: “Helburua da haurra arkeologoen lekuan sar dadila, uler dezan zer den lana zuzen. Eta ohartzen gara bisitetan hasten garela gauzak azaltzen eta segidan hamar esku altxatuak direla galderak egiten”.
Bi hilabetez luzatuko da erakusketa Asporotsttipin, eta hainbat jarduera paralelo ere ondu dituzte, arkeologiaz are gehiago ikasteko. Otsailaren 8an Argitxu Beyrierekin hitzaldia izanen dute, Mendebaldeko Pirinioetako meatzaritza jarduerari buruz. Martxoaren 5ean toponimiari buruzko solasaldia izanen dute Bilketa funtsa dokumentaleko kideen eskutik, eta azkenik martxoaren 8an Dominique Armandek arkeozoologiari buruzko hitzaldia eskainiko du. Xehetasun guztiak Euskal Itsasbazterreko CPIEren webgunean atzeman daitezke.