"Hendaiarren segurtasunarekin ez dut jolasten": Kotte Ezenarrok hala justifikatu du azken bi urteetan Hendaia osora zabaldutako dispositiboa bertan behera utzi izana. Igandean Change.org plataforman petizio bat sortu zuen herritar batek, gauez argiak itzaliak izateak "segurtasun eza sortzen duelako oinezko zein autoentzat". 300 izenpedura baina gehiago bildu ditu 24 ordu eskasean deialdiak.
Gaur arratsaldean Kotte Ezenarrok ohar bidez adierazi zuenez, azken hilabeteotan lapurretek gora egin dute berriz Hendaian, eta onartu du herritarrentzat "segurtasun ezaren eta kezkaren iturri" dela argi eskasia. Hala, eta “hendaiarren segurtasunarekin jokatzen ez duenez”, behin-behinean kaleko argien itzaltzea bertan behera uztea erabaki du auzapezak.
Orain bi urte, trantsizio ekologikoaren baitan defendatu zuen Herriko Etxeak argien itzaltzea. Gaurdaino, gaueko 23:00etik goizaldeko 5:00ak arte itzalia zen karrikako argiteria, baina "J'allume ma rue" webgunean, geokokapena aktibatuz gero nork bere karrikako argia pizterik zuen. Haatik, herritar askok bi urteotan kontatu dutenez, gaizki funtzionatzen zuen sistema zen. Gainera, ez zen ezohikoa goizeko 5:00ak pasata karrika batzuek erabat ilun jarraitzea, eguna argitu arte.
Ezenarrok, bertzalde, polizia indarren emendatzea ere galdegin dio Frantziako Barne ministroari, gaurkoz Hendaian "behar baina polizia gutxiago" baita auzapezaren iritziz. "Infrakzioen olatua itotzen saiatzeko" eskatu ditu agenteak, gaur egungo kopuruak ez baitie "haien zerbitzu publikoko misioa behar bezala egitea" ahalbidetzen.