Katuak antzutu eta identifikatzeko kanpainari ekin diote Hendaian

Antxeta Irratia 2025ko ots. 5a, 07:55

Hendaiako herriko etxeak katu kopurua arduraz kudeatzeko kanpaina abian jarri zuen otsailaren 1ean. 2021 urtean Les Chamis de Mamie elkartearekin izenpetu zuen hitzarmenari esker, katuen ongizatea bermatuz, animalia hauek harrapatu, antzutu, identifikatu eta test serologikoak egiten dituzte urtero herriko bi albaitaritza klinikekin lankidetzan.

Kale-katuen populazioa kontrolatzeko helburua duen kanpaina bada ere, martxoaren 31 arte, partikularrek euren katuak antzutu ditzazkete %10eko beherapenarekin. Horretarako hitzordua hartu behar da Hegal Zabal albaitaritza klinikan (Irandatz karrika 7 – 05.59.20.57.58 telefonoz) edo Hondarraitzeko albaitaritza klinikan (Leclerc hiribidea 23 – 05.59.20.20.13).

Edozein kasutan, 7 hilabetetik goitiko katuak dituzten partikularrek Baserri Kodearen L-212-10 artikuloari jarraiki, legez bete behar dute animaliaren identifikatze ofiziala, I-CAD erakundearen Frantziako fitxategian sartzeko. 

Katuak esterilizatzeko beharra

Kale-katuen populazio kontrolpean mantentzeko beharra dagoela argitu du herriko etxeak. Eta kanpaina honekin katuei egindako azterketei esker, haien osasuna hobetzeaz gain, antzututako katuek ugaltze senari lotutako jokamolde oldarkorrak gutxitzen ditu, eta gizakiekin harreman goxoagoa du.

Bestalde, kale-katuen kasuan, herriko ekosistema babesteko eginkizuna du kanpainak. Azpimarratu dutenez, ugaltze sena apalduz, kaleko bazterretan katuen gernu arrastoak eta usain txarrak, etengabeko marrakak eta ugaltze garaiko marrumak sahiesten dira. Eta katuen arteko borrokak ere mugatu egiten dira.

Era berean, katu kopurua kontrolpean mantentzea ezinbestekoa da ekosistema eta ekologiaren oreka babesteko. Izan ere, katuen gehiegizko ehizak basa abere txikiak arriskuan jar baititzake. Kanpainaren eramaileek emandako datuen arabera, katu bikote batek 12 katakume sortu ditzake urtebetean, eta horren arabera, bikote bakar batetik eragindako ugalketa esponentziala izan daiteke, bi urtetan 144 katakume, hiru urtetan 1.728 eta lau urteren buruan, 20.700 katu baino gehiagoko populazioa sortuz.