Valentziako tanta hotzean kaltetuekin elkartasunez kantatuko dute ostiralean Hendaian

Aimar Lopez 2025ko ots. 6a, 11:41

Denentzat zentro sozialeko eta Amicale Laïque elkarteko abesbatzen elkartasun kontzertua Gaztelu Aretoan izanen da, arratseko 19:00tan. Emaitzak Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkarte nafarrari bideratuko dizkiete.

Bi abesbatza eta 70 bat kantariren doinuek hartuko dute bihar arratsean Hendaiako Gaztelu Aretoa. Urrian tanta hotzak Valentzia ingurua kolpatu zuenean, Denentzateko abesbatzako kideen arteko elkarrizketetan nabari gailendu zen gaia, eta laguntzeko zerbait egiteko gogoa sortu zitzaien. Badute lehenagotik harremana Amicale Laïque elkarteko abesbatzakoekin, iazko Aste Urdinean ere eskaini zuten kontzertu bat elkarrekin, eta elkarlana errepikatzea proposatu zieten.

Talde bakoitzak bere errepertorioa kantatuko du: Denentzatekoek euskaraz, gazteleraz eta frantsesez kantatzen dute, kopuru antzekoan, Enkarni Zapirain abesbatza kideak azaldu duenez. Gitarra eta akordeoia ere izanen dituzte bidelagun. Amicale Laïqueko abesbatzakoek alta, frantsesez egiten dute gehienbat kantu, play-backen gainean. Bi taldeen arteko elkarlana irudikatzeko eta hitzorduari amaiera emateko, azken kantua batera kantatuko dute denek: Chante la vie, chante. Heriotzaren, eta kasu honetan hondamendiaren aitzinean, biziari gorazarre egiten dion kantuarekin borobilduko dute hartaz kontzertua.

Kontzertuko sarrera urririk da, baina emaitzak eskertuko dituztela azaldu dute antolatzaileek. Lortutako dirua, hain zuzen ere, Nafarroako Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien elkarteari (ATTSF) helaraziko diote, Sahara, Etiopia eta Mozambikera laguntza logistikoa eramaten eta kudeatzen eskarmentua duen elkarteari. Azken hilabeteetan, ahalegin berezia egin du egitura honek Valentziara laguntza iritsarazten, eta kontzertuaren antolatzaileek Valentzian jadanik lanean ari den elkarte bat hautatu nahi zuten.