Ihauteriak ate joka ditugun honetan, Bortzirietan bezala, joan den asteburuan Urruñan ere hainbat ospakizun egin dituzte motorrak berotzen hasteko. Gure eskualdea baina aski zabala da, eta inauteriak hilabetez luzatuko dira herriz-herri. Hendaian, martxoaren 8an ospatuko dituzte ohikoa duten bezala. Izan ere, Irungo eta Hondarribiko inauterien ondoko asteburuan egin ohi dute, herri hauetako zenbait konpartsek Hendaiako desfilean parte hartu ohi baitute.
Haatik, aurten Akelarre euskal kultur elkarteak eta Enbata gaztetxeak antolatuta, Hendaiako Ihauteriak "Etxez Etxe" dantzan eta kantuan ibiltzeko ohitura zaharra berreskuratuko dute. Lapurdin usadio zaharra dute herri askotan, kaskarota eta zirtzilekin xirikatzen ibiltzea. Eta gaztetxeko Irati Fernandezek aipatu digunez, Hendaian ere beharra sentitu dute. «Inguruko herrietan ospatzen dela ikusita, pentsatu dugu Hendaian ospatzen hastea», dio. Otsailaren 15ean, heldu den larunbatean ospatuko dute Etxez Etxekoa. Hala ere, azkenean «auzoz auzokoa bilakatu» dela aitortu digu. 3 elkargune antolatu dituzte, eta etxeko trapu zaharrak jantzita haiekin parte hartu edo ospakizunaz gozatu nahi duen orori deia luzatu diote. 12:00etan Orioko pilota plazan hasiko dira, 14:00etan Harrixabaleta auzotik hiri barnera hurbilduko dira Eskuz okindegiaren gibeleko plazara, eta 16:00etan Kaneta portuan amaituko dute.
Enbata gaztetxeko kideak azpimarratzen duenez, dantzariak, bertsolariak eta antzerkia ere izango da ekitaldi honetan. «Dantzariek udaberria irudikatzen dute eta zirtzilek negua», kontatu digu, «gaztetxeko kideok hartuko dugu zirtzilen ardura gehiena, eta Hendaian gertatu diren gauzak antzerki bidez kontatuko dituzte pixkat xirikatzeko». Iragarri dutenez, jatekoa eta edatekoa ere egongo da. Beraz, Hendaiako ihauteriak abiatzeko eta udaberria esnarazteko, Etxez Etxeko itzulian parte hartzera animatzen dituzte hendaiarrak.