“Futbol zaleentzat baina lagun artean egotea maite dutenentzat ere aukera ederra” dela erranez laburtu du Aitzol Gil de San Vicentek Futbol7 txapelketaren muina. 22 urteko hendaiarrak bere adin inguruko hainbat gazterekin hartu du aurten antolaketaren lekukoa, hamar bat urtez antolatzen ibili zen bigarren belaunaldiaren eskutik. Antolatzaile aldaketa bai, baina filosofia berdinarekin jarraituko dute: euskal preso, iheslari eta deportatuekin elkartasuna futbolaren eta besta giroaren bidez erakustea.
Ohiko moduan, partidak goizeko 8:30ean hasiko direla azaldu du Haritza Aranzabal antolatzaileak. Goizeko txandan eguerdi inguru arte ariko dira futbolean, eta sailkatuek arratsaldean ere zelaietan jarraituko dute. Eguerdian, ekitaldi politikoa eta herri bazkaria izanen dituzte. Arratsaldean, 17:30ean Hondarribiko Zker Band elektrotxaranga hasiko da Ondarraitzeko giroa berotzen.
Arrats partean ere kontzertuekin jarraituko dute, lapurtarrak biak: Kode taldeak irekiko du gaualdia, eta Odei raplariak jarraituko du. Ondotik, DJ Üzkülüz xiberotarrak alaituko du gau giroa bukatzeko, dena Ondarraitz estadioko aretoan.
Aitzol Gil de San Vicentek aipatu du azken urteetan “aurrerapausoak” izan badira ere euskal presoen aferan, hala nola gradu progresioak Hego Euskal Herrian edo espainiar espetxeetan, edo “dispertsioarekin amaitu izana”, oraindik laguntza behar dutela. “Hamarka preso kartzelan” dira oraindik, eta “gero eta preso ohi gehiago” izateak ere erronka berriak sortzen ditu. Horregatik jarraitzen dute txapelketa antolatzen.
Gauzak hala, txapelketan izena emateko epea ireki dute jadanik, sarean. Hogei euroren truke parte hartu dezake talde bakoitzak.