Bigarren aldiz, Musikolore festibalak munduko musikariak elkartuko ditu Hendaian uztaila hastapenean

Antxeta Irratia 2025ko api. 19a, 12:50

Uztailaren 2tik 5era Ayọ, Grupo Compay Segundo, Frikun edo David Cairol entzuteko aukera izanen da, Gaztelu Aretoan. Hainbat berritasun ere ekarriko ditu jaialdiak; sarrerak salgai dira jadanik.

Hendaian, Guitarralde festibalaren lekua Musikolorek hartu zuen lehen aldiz iaz, uztaila hastapenean Euskal Herriko eta kanpoko taldeak nahasiz. Aurten bigarren aldiz antolatuko dute hitzordua, eta programa iragartzen hasi dira jadanik. Uztailaren 2tik 5era iraganen den jaialdiak World music generoa izanen du ardatz, eta nazioarteko talde sonatuek azken proiektuak aurkezteko parada izanen dute.

Uztailaren 2an, asteazkenez, Ayọ kantariak hartuko du oholtza. Nigeriako yoruba komunitateko eta Alemaniako ijitoen komunitateko jatorriak ditu Ayọk, eta 2006an argitaratu zuen Joyful diskak arrakasta handia eman zion, Down on my knees kantuak bereziki. Geroztik, beste sei disko kaleratu ditu, eta azkena aurkeztuko du Hendaian, iaz argitaratu zuen Mami Wata. Ayọren aitzinetik, David Cairol reggae kantari baionarra arituko da Gaztelu Aretoko oholtzan

Uztailaren 3an berriz, ortzegunez, kubatik etorritako Grupo Compay Segundok girotuko du Hendaia. Compay Segundo zenaren taldekideek eta haren seme Salvador Repilado Labradak osatu zuten taldea, 2003an musikari mitikoa zendu eta gero. Son kubatarra bertze hainbat generorekin uztartzen dituen taldearen aitzinetik, Frikun rock-reggae talde baionarra arituko da.

Musika programazio nagusiaz gain, bertze hainbat hitzordu ere izanen dira Musikolore festibalean, hala nola kontzertu lasaiagoak edo film proiekzioak. Egitarau osoa heldu diren hilabeteetan argitara emanen du Hendaiako Herriko Etxeak. Alta, uztailaren 2 eta 3rako sarrerak salgai dira jadanik, eta iazko arrakasta handia ikusirik denboraz erosteko aholkua eman dute antolatzaileek.